Udaberria loratu da Andatza plazan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 24a, 17:59

Urtaroko eguraldiari eutsi dio larunbat goizak eta herritar ugari bertaratu da Lore eta Landare Azoka berezira. Etxe barruko edo kanpoko txokoren bat apaintzeko erosketa eginda edo bertan zegoena ikusita, pozik joan dira. 

Zuhaiskak, landare aromatikoak, cactusak, bonsaiak, kanpokalde nahiz barnealdeko landareak... Eskaintza zabala izan dute aukeran lasarteoriatarrek. Andatza plazan zazpi landare haztegik jarri dute postua, kolore eta ukitu berezia jarriz zabalgunean. Haiekin batera, Behemendi elkarteko zenbait kidek ere parte hartu dute kosmetika naturaleko artisau produktuak, haziak eta belarrak edota apaingarriak salduz. 

Eguerdi partean, postuetan jendea batetik bestera zebilen kuxkuxean edo zer erosi bilatzen. Koronabirusa dela eta, neurri bereziak hartu dituzte, pilaketak saihesteko tartea utziz saltzaileen artean. Edonola, lasai begiratu, galdetu edo ukitzeko aukera izan dute balizko erosleek. Artisautza postuetan, adibidez, gel hidroalkoholikoa eskura zuten, lore prentsatuekin egindako apaingarri edo bitxiaren bat ukitu nahi zutenentzat.