Lausotzen ari den magia

Maitane Aldanondo 2021ko api. 16a, 13:00

Pello Artetxe eta Jexux Izeta herritarrak dozenaka pertsonaiaren ahotsa eta euskarazko bikoizketaren erreferenteetako bi dira. Sortzen lagundu duten ogibidearen garai onenak eta txarrenak bizitzea egokitu zaie azken lau hamarkadetan.

Ahotsa edonoren ezaugarri bereizgarrienetakoa da, baina batzuek hainbat dituzte, eta zenbaitek, askori uzten diote.  Maileguari esker, bestela mutu izango ziren atzerriko aktore ospetsuenak ere, Robert Redford, kasu; euskaraz entzuteko aukera izan dute ikus-entzuleek, eta belaunaldiz belaunaldi makina bat haurrek ama hizkuntza ikasteko nahiz barneratzeko bide izan dituzte bikoiztutako marrazki bizidunak. 

Pertsonaia ugari entzunarazi dituzte Pello Artetxe (Lasarte-Oria, 1963) eta Jexux Izeta (Lasarte-Oria, 1953) bikoizleek azken lau hamarkadetan. Euskarazko bikoizketan ia hastapenetik aritu dira, jarduna eginez ikasten eta, hein batean, sortzen. txintxarri-k elkartuta, ogibideaz eta sektorearen gainbeheraren eskutik helduta egindako ibilbideaz solasean aritu dira. 

Bidearen aukera 

ETB 1982 urte amaieran sortu zuten eta ezinbestean hari oso lotua dago euskarazko bikoizketaren bidea. Hasi eta ia berehala heldu zen Izeta erretiroa arte lanbide izango zuen horretara. Gogoratu duenez, 1983an Eresoinkatik deitu zioten ikastaro bat egin behar zutela esateko, eta ahots aldetik aukera bazuenez, probatzea erabaki zuen. "Gafea izan naiz, egon naizen guztiak itxi egin zituzten... [kar, kar]. Martxoan fabrika itxi, ekainean elkarrizketa egin, eta, kontratatutakoak oporretan zeudenez, udan multzo bat sartu ginen". Ikastaroan, irakurketa, ahotsaren modulatzea eta mikro aurreko ariketak landu zituzten; eta irailean, lehen lanak egiten hasi zen, nahiz eta eskolekin jarraitu.  

Artetxe, berriz, 1984ko udan sartu zen. Soldaduskatik etorri berritan aldizkari batean ikusi zuen bikoizketa proba bat egingo zutela eta parte hartu zuen. "Testu bat irakurri eta fikziozko zati bat bikoiztu nuen". Aurrez, Kimika ikasi zuen Don Boscon eta bertako bi irakasleren ordezkapenak bikoizketa ikastaroarekin uztartu zituen. Hilabete batzuk geroago, ordea, aukeratzeko unea heldu zitzaion. Kimikako laborategiko probak eta lehen lan egunak bat egin, eta zirt edo zart egin behar izan zuen. Eta argi dago zer hautatu zuen. "Kimikako laborategia asko gustatzen zitzaidan, eta oraindik ere; baina bikoizketa magikoa da". 

Imitazio jokoa

Topiko maltzur batek dio bikoizketa aktore frustratuen lana dela, alegia, pantaila aurrean agertzeko balio ez duenak atzealdean bilatzen duela kontsolamendua. Ustea ez dator bi lasarteoriatarrekin bat eta, gainera, eurak ez daude batere ados. "Jexux lotsagabea da, aktore lanak egiteko beti izan du erraztasuna, ez zaio kosta. Nik ez dut balio zuzenerako, urduri jartzen naiz, baina mikro atzean gozatu egiten dut, oso ondo pasatzen dut. Daukadan kreatibitateari ateratzen uzten diot". Izetak berretsi du lotsa ezezagun zaiola, nahiz eta hasieran grabaketetan gaizki pasatzen zuela onartu. "Baina eutsi, segi, eta 37 urtez lanean aritu naiz. Batzuek mikroaren sindromea zuten, beraien burua entzutea... eta uzten zuten. Niri chupamicros deitzen zidaten". 

"Garai horretan denok zortea eduki genuen, gaizki eginez ikasi genuelako"

Baieztapen bihurrian sakonduz, pantailaren beste aldera pasata bikoizketan saiatu diren aktoreetako batzuk ez dira moldatu eta orduan balioetsi dute atzekoen lana. "Antzezteko beste teknika bat da, intonazioa...", zehaztu du Izetak. "Bikoizle onenak ez ziren aktoreak. Aktore batzuk hasi direnean euren burua bikoizten konturatu dira horren zailtasunaz". 

Egun, erraza da edukiak jatorrizko hizkuntzan entzutea eta hala ohartzea batzuei mesede egiten diela bikoizketak; nahiz eta kontrako adibideak ere badiren. Ahotsa ondo hautatzen denean, berriz, bestelako ezustekoak ere izaten direla aipatu du Artetxek. Aktoreak eta bikoizleak antza izan dezaketela pentsatuta, sorpresa hartzen dutenak bikoizlea ezagutzean. 

Popeye eta Brutus

Erraz eta labur azalduta, beraien lan unitatea take izeneko zati txikietan banatzen da. Gehienez, hamar lerro eta bizpahiru pertsonaia sar daitezke  bakoitzean. Bikoizlearen ardura da testua ahal badu memorizatzea eta irudiaren gainean entsegu batzuk egitea, testua aho mugimenduetara ondo egokitzen den ikusteko eta ea zuzendariak adostasuna ematen dion. Zati txikiak direnez, "freskotasuna" mantentzen laguntzen du. 

Filmak, bideo korporatiboak, telesailak, dokumentalak... Askotariko ikus-entzunezkoak bikoiztu dituzte. Luzaroan egindako pertsonaiaren bati buruz galdetuta, Popeye marrazki bizidunetako telesail osoa elkarrekin egin zutela aipatu dute. Izetak Brutusi jarri zion ahotsa, eta Artetxek, protagonistari. Hala ere, beste pertsonaia maltzurrago baten izena da oraindik ere azkenari gogorarazten diotena: Dragoi Bola-ko Freezer.  

Amaieraren hasiera

1980ko hamarkadan lana erruz egin zuten, urtean 2.000 ordu bikoiztera iritsi ziren. "Orduan dena zegoen egiteko eta dena egiten zen. Ikastaroak baziren, baina mikro aurrean jartzean ikusten zenuen oraindik ere ikasteko gauza asko zenituela. Gainera, bikoizketa prozesua da, egunero daukazu zer edo zer ikasteko. Garai horretan denok zortea eduki genuen, gaizki eginez ikasi genuelako.

Euskarazko bikoizketa guk sortu genuen, oraindik ere normalizatzen ari zen hizkuntza batekin; geronek sortu genituen erreferenteak", gogoratu du Artetxek. Laster, ordea, atzean gelditu ziren urrezko garaiak.  Euskarazko bikoizketa, halabeharrez, erakunde publikoek bultzatu dute: ETBk telebistarako eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Zineuskadirako. ETBrentzat lan egiten zuten hiru enpresa zeuden: Iruisoin, K2000 eta Edertrack. Haiek 40-60 bikoizleko lantaldeak zituzten, finko eta freelanceekin osatuta. 

Hasierako urteetan ia 2.000 ordu bikoizten zituzten urtean, iaz 230 izan ziren, aurten 270

Lehen urte horietan eduki asko sortu zituzten eta 1990eko hamarkadan orduak murrizten joan ziren, 1.100 ingurura. Egoera ikusita, beste gauza batzuetan lanean hasi ziren batzuk eta langile autonomoak etxe batetik bestera mugitzen. Enpresek, berriz, egiturak "arintzeari" ekin zioten, langile iraunkorrak, aktore nahiz teknikariak, gutxituz. 2004an lanak hiru egiturei eusteko ematen ez zuela ikusita, ETBren aginduz, Donostiako Irusoin eta Bilboko Edertrackek Mixer aldi baterako enpresen batasuna eratu zuten. 

Arazo bakarra, bi ikuspegi

Neurri horiek ez zuten sektorearen gainbehera gelditu. Are gehiago, hartan sakondu egin zen hurrengo urteetan. 2013an SOS Bikoizketa Euskaraz plataforma abiarazi zuten euren egoera plazaratzeko. Enpresa guztietako kolektibo denak daude bertan: bikoizleak, administrariak teknikariak... Komunikabideetara jo zuten, Zinemaldian protesta egin zuten eta alderdi politikoekin elkartu ziren irtenbide bat bilatu nahian. Artetxek argitu duenez ezer gutxi lortu zuten. "Hitz politak bai, baina Bilduk bakarrik egin zuen zerbait. Gure eskaera Legebiltzarrera eraman zuen gure egoera salatu eta irtenbide bat eskatzeko".

"Etsituta" zeuden, baina egoerak okerrera egingo ez zutela uste zuten. Oker zeuden. 2014an Mixerrek lehen berregituraketa egin zuen. Teknikari eta administratibo gehienak kaleratu, kolektibo osoari jaitsiera orokorra ezarri, eta, Donostiako egoitza kenduta, Bilbokoa bakarrik izatera pasatu zen. Aldi berean, bikoizketa orduen kopuruak behera jarraitu zuen. 2016an 109 besterik ez ziren izan. 

Egoerak 2018ko esleipenarekin eztanda egin zuen. Bikoizleek bi elkarte sortu zituzten Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea (Bieuse) eta Euskal Herriko Bikoizleen Elkartea (EHBE). Lehenak ez zituen baldintzak onartu eta oraindik ere abian duen grebari ekin zion; bigarrenak, berriz, nahiz eta haiek gustuko ez izan, jarraitzearen alde egin zuen. Azken honek 30 bat ekoizle batzen ditu eta bertako zuzendaritza batzordeko kide da Artetxe. Bere ustez, diagnosi bera egiten dute bi kolektiboek, aldea, hortik ateratzeko tratamenduan dago. 

Urte horretatik orduek gora egin dutela ikusita, iaz 230 izan ziren, EHBEk greba hasi zuen urtarrilean, "gauzak argi uzteko garaia" zelakoan. Hilabete eskaseko lanuztea izan zen, eskatutakoaren asko lortuta lanera bueltatu baitziren. Besteak beste, 2018ko tasaren %80 berreskuratu dute, baina lanaldia ordubete murriztuta; eta bakarka lan egiteko aukera lortu, take guztiak norberaren ahalmenaren arabera egin eta denbora murriztuz.

Hobekuntzekin batera, Mixerren konpromisoa ere badute erregulatzeko plataforma bat negoziatzen hasteko. Euskarazko bikoizketa arautzeko hitzarmen baten nahia aspaldikoa da eta aurreko hamarkadan erdiestekotan egon ziren; "egina zegoenean", ordea, "dena gelditu egin zen, mila arrazoirengatik". Gainera, ETBko arduradunek 40 bat ordu gehituko dituztela ere aurreikusi diete, guztira, 270 izango dira.  

'Streaming' plataformak, irtenbidea?

Euskarazko bikoizketa egoera ilun honetara zerk eraman duen galdetuta, Artetxek argi du: "Errealitatea tristea da, baina jendeak ez du ETB ikusten", eta "borondate politikoa", hau da, dirua, falta da. Izetak gakoa ETBk euskarari ematen dion garrantzian dagoela uste du. 

Bikoizketa euskararen normalizaziorako "arma oso interesgarria" da, baina gero eta gehiago haurrei bideratutako lanetara mugatu da. Orotariko fikzioa, telesailak, pelikulak, dokumentalak...bikoiztu beharko liratekeela uste dute. Hori, ordea, aipatutako eskaera eta borondatea kateatzen dituen gurpil zoroak eta beste telebista batzuen aurrean ETBk duen ahalmenak baldintzatzen dute. Arazoa sakonekoa da, hortaz, ez dute itxaropen gehiegi. "Bikoizleak ez du izan behar bikoizketaren irtenbidea, gizarteak izan behar du". 

"Bikoizketa euskararen normalizaziorako arma oso interesgarria da"

Telebista ikusteko moduak eta bideak nabarmen aldatu dira azken bi hamarkadetan, Streaming plataforma horietan edukiak beraien hizkuntzan ere egon daitezen eskatzeko mugimendu ugari piztu dira. Esaterako, Katalunian edo euskal hiztunak baino biztanle gutxiago dituen Islandian. Euskal Herrian abian dira Netflix euskaraz eta Disney+ euskaraz sinadura bilketak, bi ekoiztetxeei euren katalogoetan euskarazko edukiak barneratzea eskatzeko. Lehenak xede dituen 15.000 sinaduretatik 10.500 lortu ditu; bigarrenak, 7.500 lagunen izenpea bildu nahi du eta 5.800ena jaso du. 

Gauzatzekotan halako erabakiek eragin nabarmena izango lukete euskarazko bikoizketaren sektorean. Tamalez, halako ekimenek eraginen bat izango badute, hitzetatik harago joango den erakunde publikoen babesa beharko dute.