Lau hamarkada baino gehiago dituen gatazka bada ere, berriro albisteen protagonista da Mendebaldeko Sahara eta Marokoren arteko guda. Afrika iparraldean gertatzen ari denaren berri eman eta elkartasuna adierazteko bildu dira dozenaka lagun ostiral iluntzean Okendo plazan. Bertan izan dira ere, Andoain, Usurbil edota Hernanin bizi diren zenbait saharar. Marokoren eta Espainiaren aurkako oihuak entzun dira, "Sahara askatu"-rekin batera, euskaraz zein gaztelaniaz; eta beste zenbait arabieraz.
Bukaeran hitza hartu duen gizon saharar batek azaldu duenez, "egoera zaila da, Maroko okupatutako lurretan dauden herritarren giza eskubideak urratzen ari da. Argi dugu modu guztietan borrokan jarraituko dugula independentzia lortu arte". Halaber, erantzuleak ere izendatu ditu. "Erruduna Espainia, nazioartea eta NBE dira urte guztiotan ez baitute Maroko behartu autodeterminazio erreferenduma egitera".
1991ean erabaki zen galdeketa hori gauzatzea, behingoz hala egitea eskatu dute. "Une honetan inoiz baino elkartuago gaude eta borrokan jarraituko dugu gure eskubidea lortu arte: aske bizi gure lurretan, gure etxeetan. Urte asko baitira ez gaudela han. Borroka egingo dugu bai hemen bai errefuxiatuen kanpalekuetan, baita gudan ere. Kanpotik ere, sahararren aldeko elkartasun mugimenduetako kideek". Hain zuen ere, asteazkenean aurkeztu zuten Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldea egoera honen aurrean elkartasuna adierazteko.
"Gora herri sahararraren borroka! Gora Fronte Polisarioa!" esanda amaitu du hitzartzea eta txaloekin erantzun diote bertaratutakoek. Hala ere, ekintza luzatu egin dute plazan euren aldarriak errepikatuz.
Gatazkaren berpiztea joan den astean izan zen. Mendebaldeko Sahara eta Mauritania lotzen dituen Guergueraten ehunka saharrarek autoen joan etorria blokeatu zuten urriaren 20an, giza eskubideen urraketa eta baliabide naturalen lapurreta salatzeko. Azaroaren 13an Marokoko militarrek desalojatu egin zituzten eta biharamunean Fronte Polisarioak apurtutzat jo zuen bi aldeek 1988an onartu eta 1991ean sinatutako su etena, "Marokok akordioa ez duelako bete eta zibilak eraso dituelako".