II. MENDI FESTA

Javier Olazagoitia: "Atzo goizean ez nuen batere argi, baina ondo atera da"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 27a, 18:37

Ordu gutxi batzuk besterik ez dira igaro II. Mendi Festa amaitu denetik eta TXINTXARRIk eskatuta, lehen balorazio bat egin du Lasarte-Oria Traileko kideak.

Eguraldia, koronabirusa... II.Mendi Festari begira kezkarik ez zaie falta izan Lasarte-Oria Traileko antolatzaileei. Proba amaituta, ordea, hitz onak dira nagusi. “Oso pozik gaude, atzo goizean ez nuen batere argi... baina ondo atera da”. Hala dio Lasarte-Oria Traileko kide Javier Olazagoitiak jarduera nola joan den ikusita. Bere sentipenak harago, partaideek esan diotenagatik ere hala izan da. “Oso pozik zeuden. Egunotan bota dituenak ikusita, eguraldiak errespetatu egin du eta eman diegun poltsekin, zozketekin... pozik joan dira".

COVID-19ak buruhauste ugari ekarri dizkie eta kezka nagusietako bat irteera zen. Aurreikusita zuten Okendon pilaketa txikiren bat sor zitekeela eta hori saihesteko 10 minutu aurreratu dute. Mendian, antolakuntza arazoren bat ere izan dutela aitortu du. "Kanpokoak, agian, ez dira konturatu, baina antolatzaileok ikusi ditugu". Edonola iazkoa baino hobe joan dela uste du eta hurrengoetarako gauza asko ikasteko balio izan diela. 

Muga 300 partaidetan jarri zuten eta bart 290dik gora ziren izena emandakoak, 186 luzerako eta 96 laburrerako. Kopuru horietan haurrei parte hartzen ez uzteak eragin duela uste du, bestela, motzean familia gehiagok izena emango baitzuten. Halaber, itxialditik Gipuzkoan egin den lehen mendi jarduera izateak ere eragina izan duela irizten du. “Jendea  mendi gogoz dago eta betiko mendizale askok eman du izena luzean. Anoa postuetan zeuden boluntarioei hori esan diete, gogotsu zeudela eta gauzak antola daitezen irrikatan”. Horren harira, aipagarria da kanpotik etorritakoen kopurua: 25 bat Bizkaitik, 15 Nafarroatik, bi Kantabriatik eta Burgoseko bat. Harritua zegoen Olazagoitia. “Mendizale amorratua izan zaitezke, hala naiz ni, baina ez zait burutik pasa ere egiten Burgosera joatea. Probarik ez izateak hori ekarri du”. Lehenak izatearen "zorteak" partaideek esker ona adieraztea ere ekarri du. “Antolatzaileok asko baloratzen dugu, lan eta kezka asko baitira. Hori aitortzea eskertzekoa da”. 

Edonola,  izena emandako denek ez  dute parte hartu. Ibilbide luzeko zazpi-zortzik kale egin dute eta laburreko hiruzpalau ere ez dira joan. Erabaki horretan atzoko eguraldi txarrak zerikusirik izan dezakeen galdetuta, baiezkoan dago Olazagoitia. "Izan daiteke, goizeko hiruak arte euria ari zuen. Euskalmetetik esan ziguten ordu horretan ateriko zuela, baina...".