Herriko presoen aldeko elkarretaratzea egin du Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 12a, 20:38

Hainbat herritar bildu dira Okendo plazan Lasarte-Oriako Sarek deitutako elkarretaratzean. Sakabanatuta dauden presoek ia hiru hilabetetan bisitarik izan ez dutela gogorarazi dute.

Koronabirusaren krisiak eragindako itxialdiaren ondorioz eta normaltasun berria deitu duten horretara itzulerak ezarritako mugak medio, sakabanatuta dauden euskal presoek ez dute bisitarik izan ia hiru hilabetetan. Hori beste behin salatzeko, ordu erdiko elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek Okendo plazan. 

Abagunea baliatuta, Lasarte-Oriako Sareko kideek zenbait jakinarazpen egin dituzte. Batetik, egoera berriak bisiten antolamenduan eragingo duenez, Sarek Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiari eskatu diola sakabanatuta dauden presoei bisitak asteburuetan egiten uztea, kartzeletara joan-etorria egin ahal izateko. Bestetik, eskerrak eman dizkiete Izan Bidea dinamikaren testuinguruan pausoak gehitzen ari direnei, "denen pausoak beharko ditugulako", eta, aldi berean, "elkarbizitzari, konponbideari eta bakeari bidea emateko" aldarria kalean erakusten dutelako. Ildo beretik, egitasmoa hauspotzeko,  dinamikaren irudia duten musukoak eta kirola egiteko besokoak salgai jarri dituzte.

Hurrengo ekintzak

Datorren ostiralean eskualdeko prentsaurrekoa egingo dute Hernanin, udari begira egingo dituzten jarduerak aurkezteko. Jaiak ohi bezala aurrera eramaterik izango ez bada ere, herri bakoitzeko festen bueltan egingo dituzte. Herriari dagokionean, Lasarte-Oriako Sarek eta Sorgin Jaiek egun osoko ekimena egingo dute ekainaren 26an, azken ostirala ekintzarekin bat eginez.