Itxialdiaren ondoren, presoen aldeko aldarria kalera itzuli da

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 29a, 21:33

Hilabeteko azken ostiralean egin ohi duten moduan, Lasarte-Oriako Sarek deituta, euskal presoen aldeko ekintza egin dute. Gaurkoan, gainera, hitzordua baliatu dute Izan Bidea egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko.

COVID-19ak eragindako itxialdiak behartutako bi hilabeteko etenaren ondoren, euskal presoen egoera salatzeko mobilizazioa berriro gauzatu dute Lasarte-Orian. Sarek deituta, 115 bat lagun batu dira enkartelada ibiltarira.

Elizatze plazara bertaratzen joan dira herritarrak, 20:00ak aldera. Pankarta eusten zuten bi kideen atzealdean eta inguruan kokatzen joan dira, tartea utzita, eta "Izan bidea" zioten kartelak banatu dizkiete. Ekintza hasi aurretik higiene nahiz segurtasun neurriak mantentzeko eskatu diete, alegia, maskara jarri, bi ilara osatu, eta elkarren artean bi metroko tartea uzteko. Ondoren, Kale Nagusitik barrena joan dira Tajamarreko biribilgunera eta Geltoki kaletik behera Okendora heldu dira. Bidearen gehiena isilik egin dute, plaza ingurura heltzean aldarrikapen oihu batzuk egin dituzte. 

Sakabanatuta gunea betetzen joan dira partaideak. Neurriak betetzeko eskaera errepikatu ondoren, Joxe Mari Agirretxek hartu du hitza. "Euskal Herriko jendartean gehiengo nabarmen bat dago konponbidearen alde, bizikidetzaren alde, bakearen alde eta euskal presoak eta iheslariak etxera ekartzearen alde. Kontsentsuak dagoeneko hor daude, helburua da kontsentsu horiek agenda politikoetara eramatea". Horregatik,  gainerako eragileak deitu ditu, "agerian eta ezkutuan" daudenak, urratsak egitera. "Bada garaia pausoak emateko eta horretara dator Izan Bidea dinamika", argitu du.

Munduari bira aldarrikatzailea

Ekimen berriak euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidean sakondu nahi du. Erronka Euskal Herriak duen biztanle kopuru adina kilometro egitea da, hau da, 3.127.326 kilometro. "Munduari bira" aldarrikatzen dituzten eskubideak betearazteko, eta hori osatzeko  elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltari sarea ehundu nahi dute. Egunerokoan konponbidearen alde pausoak egitera gonbidatu ditu bertaratutakoak,  bakoitzak berea eta denek batera jardutera. "Denen artean lortuko dugu preso eta iheslariak etxeratzea; eta geure herriarentzat beste etorkizun bat marraztea, askatasunarekin lotua izango dena, zalantzarik gabe", amaitu du. 

Jarraian, kartzeletan daudenen egoeraren berri eman dute. 75 egun daramatzate bisitarik jaso gabe, urrunduta daudelako, kanpokoekin dituzten harremanak nagusiki telefonoz dira, oso gutxitan, bideo deiak egin dituzte. Gainera, COVID-19aren aurka espetxeetan hartutako neurriak "eskasak" direla salatu dute. Lannemezanen dauden Aitzol Iriondok eta Ibon Fernandez Iradik dituzten bizi baldintzak gehiegi aldatu ez direla azaldu dute. Ezin dute bisitarik jaso eta hauen baldintza nahiz kopuruari dagokionean murrizketak izango direla aurreikusi dute. Kordobako kartzelan dagoen Xabi Gallagaren kasuan, "berdintsu edo okerrago". Herrikideez gain, Patxi Ruiz preso iruindarra ere gogoan izan dute, hemezortzi egun daramatza gose greban, horietako hamabi, egarri greban ere; baita Julen Atxurra lekeitiarra ere, buruko isuria izan duena.

 

 

Erlazionatuak