Lorena Zabala eta Iñaki Altuna saritu ditu Ostadar SKT-k

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 16a, 12:27

Jokalari jatorrenei sariak bideo baten bidez ezagutaraziko dituzte, gaur, 16:00etan.

Festa giroan amaitu ohi du denboraldia Ostadar SKT-k, baina koronabirusak ez die ez zelaian ezta handik kanpo ere betiko moduan bukatzen utzi. Ospakizun gabe bada ere, sariak berdin-berdin banatzea erabaki dute. Hala, 2019-2020 denboraldiko Kirolari Onena eta Auzolan Saria aintzatespenak nork jaso dituen jakinarazi dute. 

Kirolari onena Lorena Zabala izotz hockey jokalaria izan da. Mahai gainean hainbat herritarren izenak zituztela argitu dute arduradunek eta “lana, konstantzia eta antzinatasuna" balioetsi dituztela. Zabala Txuri Urdin izotz hockey taldean hasi zen, eta handik, Gasteizko Sumendira joan zen. Hamar denboraldi daramatza kategoria gorenean eta bi munduko txapelketatan parte hartu du. "Zorionak Lorena. Zu bezalako kirolariak erreferente bat zarete gainontzekoentzat”.

Auzolan saria, berriz, Iñaki Altunari eman diote, tenisa sustatzeko egindako lana eskertzeko. Ostadar Tenis Eskolako entrenatzailea, ia mende laurdenez Michelingo tenis pistetan herriko ume, gazte eta helduei “tenisaren sekretuak” irakasten aritu da "ilusioz eta seriotasunez”. 

Jokalari jatorrenei sariak ordu gutxi barru ezagutaraziko dituzte. Bideo batean jaso eta 16:00etan Youtubera igoko dute. Halako bat jasotzeko bete beharreko ezaugarriak honakoak dira: jarrera ona, zentzu guztietan, zelaitik kanpo zein zelai barruan; errespetua entrenatzaile eta jokalariekiko; taldekideen arteko harremana estutu, “taldea egin”.

Erlazionatuak

Festa egin eta gero, lanera

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 mai 26 Kirola