Udaltopek leiho birtual bat irekiko dio lan munduari

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 25a, 17:00

Eremu sozioekonomikoari buruzko jardunaldia izango da. Bi eguneko egitaraua goiz bakarreko saiora moldatu behar izan dute. 

Eremu sozioekonomikoan jarrita zuen fokua Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak (Udaltop).  Alor horretan euskararen erabilera pizteko gakoak ematea zen hamabigarren edizioaren xede nagusia, baina COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, itxuraldatuta dator oraingoan.

Antolamendu Batzordeak jardunaldia konfinamendu egoerara moldatu behar izan du jardunaldia, goiz bakarrera mugatu eta online eginda. Udaltop etxetik: ireki leiho bat lan munduari izenburua jarri diote eta maiatzaren 14an egingo dute; www.udaltop.eus webgunearen bidez.

Eraldaketak edukian ere izan du eragina.  Planteamendu berrian lan mundua euskalduntzeko beharrez ariko dira modu filosofikoago batean. Dena den, “Udaltopeko izaera berritzaile eta ausarta berretsiz” egitarau “erakargarria” osatu dutela eta urteroko zitari eutsi dioela nabarmendu dute antolatzaileek. 

Jardunaldia doakoa da, baina aurrez izena ematea beharrezkoa da. Maiatzaren 8a arte egin daiteke hemen. Izen ematea osatuta, pasahitza jasoko dute partaideek. Saioa amaituta, hitzaldi guztiak edonorentzat eskuragarri jarriko dituzte webgunean bertan.

Egitaraua:

Saioa 10:00etan hasiko da. Bi hitzaldik, mahai inguru batek eta testigantza laburrek osatzen dute goiz osoko egitaraua.

Jon Sarasuak ekingo dio jardunaldiari, Apustu baterako arrazoibideak eta ohar batzuk hitzaldian eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko zer behar dugun galderari erantzungo dio; eta jarraian, Agirre Lehendakaria Centerreko Leire Canciok ere bere hausnarketa plazaratuko du.

Hogei minutuko atsedenaldiaren ondoren, Pilar Kalzadak gidatutako Euskara eremu sozioekonomikoan: egingo dugu apustu? Zer eta nola egin beharko genuke? mahai inguruan parte hartuko dute, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako zuzendari Bingen Zupiriak, Fagor Koop. E.-ko Gestio Sozialeko ordezkari Leire Okarantzak eta Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek. Mintzagaien artean izango dituzte Sarasuaren gogoeta edota testuinguru ekonomiko berrian euskarak presentzia handiagoa izateko gakoak. Halaber, ikus-entzuleen galderei ere erantzungo diete.

Amaitzeko, krisi egoeran euskara tresna gisa erabilita jarduera interesgarriak gauzatzen ari diren enpresen testigantzak bilduko dituzte. 

Iaz bezala, Euskal Hirigune Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Lasarte-Oriako Udalak parte hartu dute Antolamendu Batzordean.