Sirena hotsak, erraustegiaren kontra

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 4a, 11:43

GuraSOSek osasunaren aldeko herri ekimen antolatu du. Bihartik aurrera eta itxialdiak iraun artean, egunero, 12:00etan, bost minutuz sirena hotsak zabaltzera deitu ditu gipuzkoarrak. 

Zubietako errauste plantak abiarazte fasean jarraitzen du, errendimendu osoan funtzionatzen hasi aurrekoan, eta GuraSOSek horren aurkako protesta zaratatsua antolatu du. Bihar hasita eta itxialdiak iraun artean egunero etxeko balkoi eta leihoetatik hegazkinen aurkako alamen soinua zabaltzera deitu ditu herritarrak. Sirena hotsa "dioxina eta beste toxiko batzuengatiko osasun alerta" dela diote deitzaileek eta sare sozialetan eskuragarri jarri dute gipuzkoarrek beren etxeetatik entzunaraz dezaten. Ekintza, 12:00etan egingo dute, bost minutuz. 

Xedea herritarrak euren osasun eta bizitzan errauste plantak duen arriskuaren kontzientzia hartzea da, baita hondakinak kudeatzeko politika publikoak aldarazteko eskatzea, ingurumen iraunkortasuna eta ekonomia zirkularraren alde eginda.

Soinuarekin batera, bideo bat ere  zabaldu dute. Bertan, pasa den asteartean, martxoak 31, errauste plantak egindako isurketak ageri dira. Besteak beste, gogoratu dute txosten zientifikoekin salatu eta egiaztatu dutela erraustegiak Kutsatzaile Organiko Jarraituak nahiz sustantzia oso toxikoak isuriko dituela «minbizi eta mutazio sorrarazleak eta giza ugalkortasunari eragiten diotenak»; eta dioxinen isurketa neurketa jarraiturik ez dutela egingo, horren ardura enpresak duela salatzeaz gain. 

Halaber, egoera “larriagotzen” ari dela ohartarazi dute, “segur aski” Zaldibarko zabortegian pilatzen ziren industria-hondakinak bertan erreko direlako, nahiz eta funtzionatzeko baimenik ez duen.  

Erlazionatuak

Sirena

Txintxarri Aldizkaria 2020 api 04 Gizartea