Larrialdi egoeraren krisiari aurre egiteko, Aterpea elkarteak erakundeei eta herritarrei elkartasuna eskatu die

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 2a, 09:30

Martxoaren hasieran, Aterpea merkatari elkarteak zuzendaritza batzorde berria eratu zen. Aldaketa handiena buruan eman da. Ramon Ormazabalek lehendakari lanak utzi eta Ola Enmarcación dendako Miguel Angel Prietori eman dio lekukoa. Zuzendaritza berriak ez du hasiera erraza izan ordea, postuetara egokitzen ari direla larrialdi egoera honi egin behar diote aurre. Prietorekin eta Ormazabalekin Lasarte-Oriako merkatarien eta ostalarien egoeraz hitz egin dugu, bideo-dei bitartez

Koronabirusaren aurkako neurriek, Lasarte-Oriako denda eta tabernen ixtea ekarri du. Hamabost egunetarako zirudien itxialdia, luzatzen doa eta dendari eta ostalariak kezkatuta daude. Aterpeako lehendakari Miguel Angel Prieto Sanchezek eta lehendakari ohi Ramon Ormazabalek egoerari ahal duten modu hoberenean aurre egiten ari direla aipatu digute, baina egoera larria izan daitekeela azpimarratu dute.

Aterpeak udalaren laguntzaz egindako azterketa baten arabera, 1.200 pertsona ari dira egun Lasarte-Oriako merkataritza, zerbitzu edo ostalaritza arloan lan egiten. Kasu askotan soldata hori da etxe horretako sostengu bakarra, Ormazabalek nabarmendu duenez “Pertsona horiek familia dute. Askorentzat gainera soldata hori da etxera iristen den bakarra eta egunerokoari aurre egiteko duten sostengu bakarra. Eta ez nago denden edo tabernen gastuei buruz hizketan, etxeko gastuei buruz bakarrik ari naiz. Seme-alabak dituzte, elikagaiak erosi behar dira, etxeko gastuak… eta horri aurre egiteko ez da zentimorik ere sartuko hilabete honetan”.

Aterpea Merkatari elkarteko kideak merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza arloaren egoerak oihartzun txikia izaten ari dela salatu dute. Erakundeek aurrera eramandako neurriak nahikoak ez direla eta dirulaguntzen eta hobari fiskal gehiagoren esperoan daude. “Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak tasa batzuen ordainketa atzeratu du. Jarduera eteteagatik eman ahal dituzten laguntzen zain gaude edo aurreko seihilekoko kopuruak kontuan izanik salmenten %75eko murrizketa jasan dutenentzako dirulaguntzak jakitera eman eta tramiteak egiten hasi ahal izateko zain,” jakitera eman du Ormazabalek.

Laguntza horiek eskatzeko ordea zailtasunak dituztela nabarmen du Prietok eta epeetan malgutasuna egotea eskatzen die erakundeei. “Aholkularitza bulegoak topera dabiltza egun eta zail da kasu batzuetan erakundeek eskatutako paperak lortzea. Horregatik epeekin malgutasuna izatea ez legoke gaizki. Gainera, autonomo guztiak ez dugu errealitate bera eta batzuen kasuan, gainera, ez dira teknologia berriekin ongi moldatzen edo ez daude ohituak eta paperak lortzea zailago egiten zaie. Eta laguntzak lortzeko formularioak betetzea ere ez da erraza izaten eurentzat”.

Autonomoen kuoten barkatzea ere aipatu dute hartu ahal den neurri gisa. “Ez dakigu ordaindu beharko ditugun edo ez”. Elkarrizketa egin eta hurrengo egunean Espainiako Estatuak horien ordainketaren atzerapena onartu zuen.

Eta Lasarte-Orian, Udalarekin bilera egin beharko luketela uste dute Aterpeako kideek. “Esate baterako, Udalak hartutako lehen neurrietako bat ostalaritzako terrazen ixtea izan zen. Terrazaren lizentziak gastu bat suposatu du ostalarientzat eta orain ezin dute baimen hori erabili, beraz, ostalarientzat nolabaiteko hobaria egon beharko litzatekeela uste dugu. Oraintxe itxita dauden dendak eta tabernak ez dute gasturik, ez dute ura erabiltzen, ez dute zaborrik sortzen… Itxia dagoenez, gainera ezin diegu aurre egin tasa eta zerga ezberdinei. Aurrera eraman daitezkeen neurriak hartu daitezkeela uste dugu”.

Erakunde guztiei elkartasuna eskatzen die Aterpeak. “Gu ere elkartasun horren zati bat gara, baina guk ere laguntza behar dugu”.

Laguntza eskaera hori, herritarrei ere luzatzen die elkarteak. “Herritarrak egoeraz jabetzea nahi dugu. Gure kaleak, gure herria, gure plazak, dena itxita ikusteak zer suposatzen duen jabetzea. Lasarte-Orian hori gertatzea nahi ez badugu, larrialdi egoera amaitzean lasarteoriatarrei herrian erosteko eskaera egiten diegu. Herritarrak eta herrian kontsumitzea beharrezkoa da herriko merkatariak aurrera ateratzeko,” zehazten du Ormazabalek.

“Herritarrak behar ditugu. Azkenean, etenik ez duen soka bat da, merkataritza ongi badoa kaleak alai egongo dira eta gainera, lana eta bizia sortzen da. Gizarte hobeagoa eraikitzeko oinarriak ere badira. Lasarte-Oria hobea eraikitzeko,” atxiki du Prietok.

Aterpea elkarteko kideak eta udal ordezkaria Gabonetako ekimenak aurkezten.

Zuzendaritza berria

Lehendakari aldaketa nabarmendu dugu, baina Aterpea Merkatarien eta Ostalarien elkarteko zuzendaritzan kargu ualdaketa ugari izan da. Lehendakari ordea Alcar leihoak dendako Ana Laureano da eta idazkari eta diruzain lanak Marbell ileapaindegiko M.ª Mar Palaciosek egingo ditu. Gainerako batzarkideak, Arkupe tabernako Jennifer Garcia, Alba dendako Yolanda Alba, Buenetxea tabernako Yolanda Palomares, Bideo Lagunak dendako Jose Manuel Guerrero eta Ormazabal loradendako Ramon Ormazabal dira.

Gehienak zuzendaritzako kideak ziren dagoeneko, baina kargu berria hartu dute. Hilabete baino gutxiagoan, lehen arazoari egin behar izan diote aurre. “Guztiontzat berria den egoera hau bizi behar dugu. Konplexua izango da eta lan handia egin beharko dugu gure bazkide guztiei aurrera egiten laguntzeko. Gure esku dagoen guztia egingo dugu,” adierazi du Prietok.

Aterpea elkarteak ildo berari helduko diola jakitera eman du Prietok. Antolatzen dituen ekimenen egitarauan moldaketarik egongo ez dela zehaztua du. “Lan handia egiten da eta denboraz antolatzen ditugu, bilerak, deiak... Guztiak aurrera eramateko helburua dugu, baina krisiak zer egiten utziko digun ikusi behar dugu”.

Bazkideen partaidetza handitzea izango da zuzendaritza honetako xedeetako bat, “Zuzendaritzak guztia antolatzeko esfortzua egiten du eta erantzuna kasu batzuetan ez da espero genuena. Ea nola lortzen dugun. Agian bizi dugun egoera, ona da eta hausnartzen laguntzen digu. Dendek duten garrantziaz jabetzeko balio ahal du. Indarrak batu, bata besteei lagundu, bat egin eta herria egiteko. Balioa zer duen konturatzeko lagundu ahal digu egoerak,” azaldu du.

Horren harira, Aterpeak bazkideen eskura tresna ugari jartzen dituela nabarmendu du Ormazabalek. “tresna horiek batzordetik bazkideei eskaini dizkiegu. Bazkideen zerbitzura tresnak jartzen ditugu eta bakoitzak zein tresnak onura ekarriko dion erabaki behar du. Izan ere, ez da berdin ostalari, zerbitzu edo denda batentzako tresna”.

Beste helburuetako bat salmenta moduen eguneraketa izango da. Aterpeako lehendakari berriak Interneteko hainbat salmenta konpainiek suposatzen duten lehia aipatu eta sare sozialetan herriko merkatari eta ostalarien presentzia areagotu beharko litzatekeela azpimarratu du. “Sare horietatik ibiltzen diren gazteak erakartzeko aukera izan daiteke. Instagram kontua ere sortu beharko genuke. Martxan ditugun beste sare sozialei ere indarra eman beharko genieke, Facebook esate baterako”.

Eta udalak elkarteari eskaintzen dien tresnari ere uko egin ezin diotela aipatu du, “Tratu on bat webgunea dugu. Udalarekin dugun elkarlana indartu eta merkatariek eta ostalariek ere webgunea erabiltzea nahi dugu, euren jarduna ezagutzera emateko”.

Hori guztiaz gain, lehendakari berriak eskertze hitzak besterik ez ditu Ormazabalentzat. “Ramonek urte hauetan egindako lan guztia eskertu behar dugu. Izan ere, elkarteari eskaini dion arduraldia handia izan baita. Esate baterako, erakundeekin harremana Ramonek egiten zuen. Primeran moldatzen zen. Orain guk egin beharko dugu. Ea nola moldatzen garen”.

Ormazabalek ordea ez du zuzendaritza taldea uzten, bokal lanetan geratuko da eta bere eskarmentua zuzendaritzan baliagarria izango dela azpimarratu du Prietok. “Urte hauetan guztietan elkartearentzako baliagarria izan da eta, zortez laguntzen jarraituko du, zuzendaritza batzordeko kide izango baita. Zuzendaritzako beste kideok ez dugu bere eskarmentua eta bere esperientzia, aholkuak eta laguntza eskertuko ditugu”.

Ramon Ormazabal Aterpea elkarteak antolatutako 2019 urteko Udaberri festako ekimenean.

Urteetako lana laburbilduz

Ramon Ormazabalek lehendakari lanetan egin dituen urteen irakurketa egin du.

Asmo ezberdinekin hasi zen lanean; lehena bazkide, kopurua handitzea zela onartu du, “Indarrak batu eta erakunde ezberdinen aurrean gure iritzia emateko aukera izango genuen. Pozik gaude, egun 80 bat kide garelako elkartean, baina gehiago ere izan gaitezke”.

Elkartea sortzearekin batera, herriko dendak ezagutzera eman eta ekintzak egitea zen asmoa. “Lasarte-Oriako beste elkarteen moduan, guk ere ekintzak egin ahal genituela. Gainera, Aterpea eskertua dago herriko elkarteei haiek egindako ekimenei esker elkartea ere aurrera ateratzen delako, baita guk antolatzen ditugun ekimenetan parte hartzeko duten prestutasunarengatik ere.

Ekonomikoki ere egonkortu behar zuen elkarteak eta erakundeekin harremanak sendotu zituen. “Egun ongi gaude eta antolatzen ditugun ekintza guztiak aurrera eraman ahal ditugu. Hau Udalaren Sozioekonomia sailari eta Eusko Jaurlaritzako Kontsumo, Turismo eta Merkataritza sailari esker izan da”.

Ormazabalek ezin ahaztu ditu urte hauetan guztietan berarekin elkarlanean egon diren zuzendaritza kide eta teknikariei eta guztiei eskerrak ematen dizkie egindako lanarengatik. “Eskerrak eman behar dizkiet zuzendaritzako kideei, langileak direlako eta konpromiso handia dutelako. Eta elkarteko teknikoari lanak egin dituen Itziar Irurzuni eta egun dagoen Arantza Aldairi ere. Ezin ahaztu udaleko teknikaria Dioni Avila ere”.

Ormazabalek lantaldearen garrantzia azpimarratu eta zuzendaritza talde berriak “lan ederra” egingo duela adierazi du.

Azkenik, herritarrei dei egin die herriko denda eta tabernatan kontsumitzera. “Gora behera asko bizi izan ditugu eta honetatik ere aterako garela uste dut. Baina berriro diot lasarteoriatarren laguntza beharko dugu horretarako”.