Zoriontasunaren iturriaren bila aritu da Teatro Paraiso

Gizon zoriontsuaren alkandora antzeztu du Manuel Lekuona kultur etxean. Herriko neskato batek lagunduta, tsarra sendatzeko gizon edo emakume zoriontsuenaren bila abiatu dira. 

Errusiako tsarra gaixo dago. Munduko azti eta mediku guztiengana jo dute haren gaitza zein den jakiteko, eta kanpotar batek ondorioztatu du, bere oinaze guztien iturria zoriontsu ez izatea da. Sendatzeko, beraz, munduko gizaki zoriontsuenaren alkandora jantzi behar du. Maleta eta oihal zatietan proiektatutako irudiekin lagunduta, Teatro Paraisoko bikoteak hura sendatzeko lanari ekin dio. Kideetako batek uste du zeregin erraza dela, besteak, ez, ordea. Misio hori gauzatzeko, beraz, kultur etxeko aretoa ia bete dute haurrei laguntza eskatu diete. Eskua altxa dutenen artean, Izaro aukeratu dute.

Hala, tsarraren ohorezko mezulari gisa munduan barrena bidaia hasi dute hiru kideek. Dirua zoriontasunaren iturri delakoan, pertsona aberatsenarengana jo dute. Baina ez da bera. Diru asko du, baina hura lapurtuko dioten beldur bizi da. Orduan, ongia eta gaizkia hobe bereizten duenarengana joan dira. Hura ere ez da, eguna lanean igarotzen baitu. Harro dago egiten duenaz, baina ez da zoriontsu. Boteretsuena izango al da? Ez, bera ere ez. Beldurra diote denek eta basapiztia dela uste dute, baina egiaz sentibera da.

Eta hala, pertsonaia batetik bestera joan dira hiru kideak alkandoraren jabearen bila, zoriontsuena zerk egiten duen asmatzeko.