Bertsoak dantzarako doinu bilakatuta

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 29a, 22:30

Errimak bi oinetan ikuskizuna ekarri du Haatik dantza konpainiak Lasarte-Oriara.

Ez da ohiko dantza ikuskizuna Manuel Lekuonara joandakoek ikusitakoa. Argiztapen berezitik haratago, planteamendua bera da aipagarria, izan ere, dantzariak bertsolarien lekuan jartzen baitira. Bertso saioetan bezala, gai bat proposatu, eta haren inguruan inprobisatuta mugitu behar dute gorputza. Ez dute beraiek bertsotan egiten; baina bertsolari ezagunen ahotsak jarraitzen dituzte pausoz pauso.

Gai jartzaile lanetan eskarmentu zabala duen Unai Elizasuk proposatu dizkie gaiak. Lehen ariketa, azkena izan ohi da, kartzelakoa. Nahi zuten neurri eta doinuan dantzatu behar izan duten gaia: "Potea jarri duzue, denek konbinatua eskatu dute eta zuk zuritoa". Modu oso bestelakoetan sortu du bakoitzak bere proposamena.  Aulkietan banan banan esertzen joan dira eta bertsolariek egin ohi duten moduan, azken errima abesten zutela irudikatu dute.

Horren ondotik, bakarka, binaka edo taldean, ariketaz ariketa joan dira osatzen saioa.