Dozenaka herritarrek gaitzetsi dute Fernandez Iradiren aurkako erabakia

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 29a, 09:15

Lasarte-Oriako Sarek  deitu zuen mobilizazioa, Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak zigor etete eskaera ez onartzea erabaki zuela jakitean. Preso lasarteoriatarrak esklerosi anizkoitza du. 

Ehun bat lagun elkartu ziren atzo arratsaldean Okendotik irten zen protestan. Ostegunean ezagutarazi zuten Ibon Fernandez Iradi herritarraren zigorra ez eteteko erabakia eta egunean bertan mobilizazioa deitu zuen Lasarte-Oriako Sarek. Hilabete amaiera izanik, Azken ostirala ekimenarekin bat egin zuen.

Pankarta atzeko bigarren lerroan bost lagunek mediku mantal zuria zuten soinean eta haietako batek preso lasarteoriatarraren egoera salatzen zuen afixa bat. Beste batzuek, berriz, Sareren ikurra zuten txalekoak zituzten jantzita.

Erdialdeko kaleetan egin duten ibilbidean noizean behin  "Ibon etxera", "gaixo larriak askatu", euskal presoak etxera", "Ibon Fernandez etxean nahi dugu" edota amnistiaren aldeko ohiak egin zituzten.

Plazara bueltan, hitz batzuk irakurri zituzten Fernandez Iradiren egoerari buruz. Aitortu zutenez, "barruak hala eskatuta" deitu zuten mobiliziazioa. Gertutasuna eskatu zuten, ez preso gaixoentzat bakarrik, beraientzat ere. Urruntze politikak nahiz salbuespen legedia bertan behera utzi arte jarraituko dutela adierazi zuten, eta 7 urteko bide judizialari ere eutsiko diotela, erabakiaren aurkako helegitearekin.

Halaber, politikariei "konpromisoak eskatzeko garaia" dela uste dute, baita herritarrak aktibatzekoa ere. "Gure artean saretu, babestu eta jarraitu behar dugu. Oinarria da gure indarra. Aktibatzen asmatu behar dugu".

Azken hitzak Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi gogoratzeko izan ziren, haien oroitarrira egingo duten mendi ibilbidean parte hartzera gonbidatuta.