Andaluzia Eguna ospatu du asteburuan Semblante Andaluzek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 1a, 20:08

Asteburu berezia izan da Semblante Andaluzena. Ostiralean Andaluzia Eguna izan zen eta horren harira hainbat jarduera egin dituzte.

 

Otsailaren 28an 40 urte bete zituen Andaluziako Estatutuak. Andaluzia Eguna bera ospatzeko arrazoi nahikoa izango ez balitz, urteurren biribilak beste bat gehitu dio. Ostiral iluntzean Ohorezko ardoarekin egin zuten topa Atsobakar auzoko egoitzan. Bertan izan ziren, Agustin Valdivia alkatearekin batera, Jon Antxordoki eta Boris Nogales, Nuria Fernandez, Joxe Pikabea, Pablo Barrio eta David Ares. Elkarteko ordezkariak eskerrak eman zizkien bertaratzeagatik, topa egin aurretik. 

Atzo, haurrak izan ziren protagonistak. Elkarteko agertokian dantzan aritu ziren Duende eta Gitanillas del Alba taldeetako neskatoak. Hainbat pieza dantzatu zituen talde bakoitzak, baina ez zen txikienentzat nahikoa izan, antza, goian zeudenei begira dantzan jarraitu baitzuten. Ondoren, Bea Egizabalek eta Cesarrek amonarengandik ikasitako ipuinak partekatu zituzten haurrekin. Belarri handitik unibertsoko, planetetako... kontuak entzuten zituen amonak eta txikitik lurzorukoak, zomorroenak... Bizikleta nahi zuen Kattalinen istorioa kontatu zieten, bi belarrietako zeinetatik entzuna zuen ez bazekiten ere. Aldi berean, aurpegia margotzeko aukera zuten haurrek, baina nahiago izan zuten ipuina amaitu arte itxaron, beraz, Amaia eta Patricia, dena prest zutela, lanean hasteko zain egon ziren. Askaria eginda eta jolasean amaitu zuten arratsaldea. 

Gaur, eguerdian hasi dituzte jarduerak. Zumaburuko Arantzazuko Ama parrokia bete dute herritarrek meza rocieroa entzuteko. Ohi bezala, Ramon Uribe-Etxebarriak gidatu du ordubete baino gehiago luzatu den elizkizuna. Bere hitzei tartekatuta otoitzak eta kantak abestu ditu Semblante Rociero koruak. Duende taldeko kideek, berriz, eskaintzak egin dituzte: Andaluziako gozoak, olioa eta olibondo adarra kasu. Amaiera gisa, Salve rocieroa abestu du abesbatzak, eta ondoren, neskatoek dantza egin dute. 

Edozein ospakizunek duen ezinbesteko osagaia da janaria, eta honetan ez du hutsik egin. Lagun ugari joan dira bazkarira eta elkartea lepo zegoen,  Ohorezko mahaian alkatea, Lourdes Acevedo, Jon Martin, David Ares eta Boris Nogales eseri dira. Elkarteko presidentearen eta alkatearen agurraren ondoren, Andaluziako ereserkia abestu dute bertaratutako guztiek, jaki goxoak dastatu aurretik. Jandakoa jaisteko, Aurelio Gallardok dantzan jarri ditu. Extremadurarrak fandango batzuekin hasi du saioa, baina pare bat abesti geroago, jendea agertokiaren aurrekaldera jaitsi eta runbak jotzeari ekin dio, festa giroa piztuz.

Erlazionatuak