Txokolatea edo bizkotxoa haur minbizia ikertzen laguntzeko

Maitane Aldanondo 2020ko ots. 15a, 15:24

Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna da gaur. Gaitz horren ikerketan laguntzeko postu solidario bat jarri dute Okendo plazan, 

Txokolate beroa edo bizkotxoa. Euro bakarraren truke bata ala bestea dastatzeaz gain, keinu solidario bat egiteko aukera dago gaur. Haur Minbiziaren Nazioarteko eguna da otsailaren 15a eta haren ikerkuntzaren alde 3. txokolate jate solidarioa antolatu dute. Lasarte-Oriako boluntario talde batek, Semblante Andaluz elkarteak eta udalak lagunduta,  bigarrenez bat egin du jarduerarekin postu bat jarrita Okendo plazan. Euskal Inauteriekin bat ez egiteko, ordubete aurreratu behar izan dute amaiera, beraz, 19:00ak arte egongo dira bertan.

Txokolatez zikin zaitez haur minbizia sakonago aztertzeko! dio egitasmoaren leloak baina gaurko eguna ez da horretarako aproposena. Neguko tenperaturetatik urruti, 20 bat grado egin ditu goizean. Hala ere, herritarrak animatu dira txokolatea edatera. Beste batzuek, berriz, nahiago izan dute ezeren truke itsulapikoetan dirua uztea.

Iaz 864 txokolate jate gauzatu zituzten Estatu osoan eta 400.717€ batu. Aurten, 1.200 ekimen antolatzea dute erronka, urtean diagnostikatzen diren haur bakoitzeko bat.