Txerrikiak asteburuko protagonista dira Extremadura Etxean

Maitane Aldanondo 2020ko ots. 15a, 13:15

Atzo hasi eta bihar arte Ama Guadalupe Extremadura Etxean txerria hiltzearen festa ospatzen ari dira. Animalia honen eratorriez betetako jaki ugari dastatu eta prestatuko dituzte.

Txerria hiltzearen festa batek hasiera argia du, odolki, txorizo eta bestelako jakien lehengaia lortzea. Berrobiko hiltegian bereak eman zituen animaliak eta haren haragia forma askotara prestatuko dute asteburuan. Gaur hasi dituzte ekimenak Sasoetako elkartean eta biharko herri bazkaria arte luzatuko dira. 

Indarrez hasteko ogi-mamiak dastatu  dituzte eta gero haragia zatitu dute kanpoko terrazan. Han izan dira Agustin Valdivia alkatea, Jesus Zaballos alkate ohia eta Jalguneko kideak, besteak beste. Eguraldi atsegina lagun, eguzkipean eseri dira batzuk, beste kide batzuk lanean ari ziren bitartean. Gaztetxoenek haragi zatiak zaindu dituzte, pare bat lagunek haragi egosiari bueltak emateaz arduratu dira, eta erdialdeko mahaiaren inguruan, berriz, dozena erdi emakumek txorizoak eta odolkiak egin dituzte. Katea egin dute lan: hesteak moztu, ontzietan prestatutako haragi xehe eta gainerako osagaiekin egindako orea makina sartu, handik pasatu, eta lortutakoa hestebetea lotu. Egiteko moduen inguruan hitz eta pitz aritu dira, txikitako garaietan etxean edo ingurukoei ikusita ikasitakoa partekatuz. Jakin minez begiratu dute jarduna elkartean zeuden batzuek, bereziki, haurrek; eta makinari eraginek lagundu nahi izan dute pare batek. 

Emaitzak ondo gorde dituzte aurrerago dastatzeko, gaurko menua txitxirioak, sakramentuak eta meloia baitira. Ondoren, bazkalostea girotu eta jandakoa arintzeko karaokea egingo dute. Txerria protagonista duen jaia izanda, janariak leku garrantzitsua izan behar du. Hala, eguna hasi bezala bukatuko dute goseari lekurik egin gabe. Herri afaria 21:30ean hasiko dute eta parrilan egindako okela, entsalada eta tarta izango dituzte platerean. Eta bihar, gehiago.

 

 

 
Erlazionatuak