Beldurrak uxatzeko antzezlana

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 8a, 19:09

Marie de Jongh taldeak beldurrari buruzko Ikimilikiliklik antzezlana oholtzaratu du Manuel Lekuona kultur etxean. Jokin Oregik zuzendutako aktoreek lehenegoz hitza erabili dute istorio bat kontatzeko. 

Isiltasuna nagusi zen aretoan. Aulkien erdia bete duten haur eta helduek adi-adi jarraitu dute Ekhik kontatutako istorioa. Pertsonaia bikoitza da, batetik, haurra, bestetik, heldua. Bakoitzak bere unetik eta ikuspuntutik kontatu du gertatutakoa eta sorginei buruzko aurreiritziak uxatzen joan dira antzezlanak aurrera egin ahala.

Ekhik gauza askori die beldurra, bereziki, babesik ez dutenek eta sorginek beldurtzen dute. Egun batean edabe magiko bat hartuko du eta armiarma bat agertuko zaio sudurrean. Hura zainduko eta ezkutatuko du, aho barruan, esaterako; inork ken ez diezaion. Ingurukoek haren berri dutenean, ordea, ihes egingo dute bailaran barrena, utzitako etxe batean aterpe hartuta. Armiarma babesteko bere beldurretako batzuei aurre egin beharko die haurrak. Tamalez, beldurra eragingo die etxe horretan zer egiten duen ez dakitenei, eta zurrumurruak pizten joango dira: Ekhi bera sorgintzat joko baitute. Baztertu egingo dute, armiarma lagun bakar duela. 

Antzerki taldeak lehenengoz hitza erabiltzen du keinuekin batera istorio bat kontatzeko. Eszenografia mugatuarekin –etxe baten itxitura irudikatzen duten burdinak, armiarmak jositako haria diren ehunak...– eta akrobaziaren bat edo beste tartekatuta, beldurrari buruzko gogoeta proposatzen du lanak.