Ostadarrek ezin izan du garaipena lortu Kostkasen aurka

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 1a, 19:58

Gipuzkoako Txapelketako laugarren jardunaldiko partida jokatu du arratsaldean Kostkas Igartza taldearen aurka Maialen Chourraut kiroldegian. Argi nagusitu zaizkie donostiarrak, 0-3 galdu dute (9-25, 8-25 eta 12-25).

Edonola, emaitzak iradoki dezakeenaren kontra, mailan aldea baino, talde gisa aritzeko gaitasun handiago erakutsi zuten bisitariek. Kontuan izan behar da,  Asier Acueriolak entrenatzen duen taldea aurten hasi dela lehiatzen eta elkarrekin jokatzera ohitzen ari direla. Are gehiago, jokalarietako batzuk hasiberriak dira boleibolean.

Saketik egindako hainbat puntu kateatuta aurre hartu zuen Kostkasek. Tanto azkarrak izan ziren asko, defentsan egindako hutsegiteekin edo baloira berandu iritsita amaituak. Tartea handitzen joan ziren donostiarrak eta urdin-beltzak atzetik joan ziren ia partida guztian gertatu zen bezala.

Norgehiagokak aurrera egin ahala, ordea, hobera egin zuen urdin-beltzen seikoak.  Joko amaierako emaitza nahiko antzekoa izan bazenere, parekatuagoak izan ziren hurrengo biak. Hirugarrenean, gainera, tanto politak ikusi ziren, hainbat jokaldietakoak eta Acueriolak jokalariak animatu zituen etsi gabe aurrera jarrai zezaten. 

Jokatu eta ikasi

Hasierak ez dira errazak izaten askotan,  are gehiago aurrez aurre eskarmentu eta ibilbide luzeagoa duten jokalariak dituzunean. Horregatik, garrantzitsua izaten da helburuak ondo zehaztea. Ostadar Boleibol taldea berria da eta xede dute elkar ezagutzea, ongi jokatzea eta disfrutatzea.  Partidaz partida lan saioetan egindako ahalegina erakusten ari dira. Irekiera Torneoan prestaketa egin ondoren, urtarrilean hasi dute Gipuzkoako Txapelketa.

Zortzi talde dira lehian, eta asteburukoaren ondoren, garaipen bat eta hiru porrot lortu dituzte urdin-beltzek. Lizardi eta Hernaniren kontra, Kostkasen aurka bezala, 3-0 galdu zuten. Goierri senior taldearekin izandako norgehiagokan, berriz, 2-3 irabazi zuten, oso partida berdindua izan zen. Asteburu honetan Goierri taldeko juniorren aurka beste aukera bat izango dute ikasitakoa erakusteko.