Eguzkipean dantzan aritu dira Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 26a, 15:54

Hilabeteko azken igandea izanda, urteko lehen plaza dantza saioa egin dute.

Dantzarako goiz aproposa izan da gaurkoa. Eguzkia lagun, oinei eraginda hotzari aurre egiteko aukera izan du nahi izan duen orok Okendo plazan.

Bi orduko saioa izan da eguerdian hasita. Lagun ugari elkartu da plazan. Batzuk dantzara animatu dira eta beste askok adi-adi begira jarraitu dute dantzaldia. Biribilean jarrita, –hainbatetan bi, bata bestearen barruan– dantza tradizional ugari egin dituzte, banaka zein binaka.

Muxikoen doinuak gidatuta, zaletu nahiz hasiberri, denei irekia zegoen jarduera. Pausoak ez zekizkienak, entzundako jarraibideei kasu egin edo badakitenei begira urratsak errepikatzea besterik ez zuen. Izan ere, ondo pasatzea eta dantza tradizionalekiko zaletasuna piztea baita helburua. Eta beste behin, lortu dute.