Barre, dantza eta kanta ugari izan dira arratsaldean kultur etxean. Txikienei bideratutako lana antzeztu du Glu Glu antzerki taldeak, beti istoriaren muina mantendu, baina bestelako itxura emanda.
Kolorez betetako kontakizunak Noraren urtebetetze festa du abiapuntu. Poz-pozik dago haurra bere lagunekin jolasean Lys agertzen den arte. Ez du festako ezer gustuko, bereziki, amaginarrebak Norari oparitutako oinetakoak. Magikoak dira, nahiz eta neskatoak ez dakien. Lysen harropuzkeriak nazkatuta, eskera berezia egin du: "Behin batean bazen..." dionean esandakoa egia bilakatzea. Hala, jolasean, tximinia barrura sartu denean, Lys bilakatu egin da errautsen artean bizi den eta obeditzera behartua dagoen neska.
Leku berri horretan hiru pertsona maltzurrek etxea garbitzera behartuko dute, eta zigorrik merezi ez duela uste badu ere, Lysek iritzia aldatu eta goxoagoa izaten ikasi beharko du etxera bueltatu ahal izateko. Hala ere, bidaia horretan pertsonaia ugari topatuko ditu sagu abeslariak edo neska rap zale bat, kasu.
Abesti, dantza eta gorabehera bitxiekin haurren arreta bereganatu dute, magia beharrik gabe.