Kartzelatik paperezko hegazkinetan heldutako hitzak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 5a, 14:24

Harresi Guztien Gainetik taldeak  antolatuta, hamargarren urtez errezitaldia egin dute Manuel Lekuona kultur etxean. Zubiak eraiki sormenari izenburupean herriko hainbat artistek ahotsa, gorputza eta arima jarri diete euskal presoen sormen lanei. 

 

Zubia. Itzalaren eta argiaren artekoa. Cordoba eta Lannemezango espetxeak eta Lasarte-Oria artekoa. Hori izan zen X. Errezitaldiaren gaia. Hainbat euskal presok idatzitako hitzak modu askotan heldu ziren Manuel Lekuona kultur etxera, askotariko sormen bide hartuta.

Paperezko hegazkinetan heldu ziren mezuetako batzuk. Aitzol Iriondo herritarraren lehena, kasu. Bakardadean idatzitakoa elkarrizketa moduan irakurri zuten. Hamarkada honetan emandako ahotsa eskertu zuen eta egindako lanaren garrantziaz hausnartu. Horri lotuta, galdera zuzena egin zien bertaratutakoei, baiezkoaren alde egitekotan altxatzeko eskatuta. "Eman al dizuegu zerbait gure hitzekin? Merezi izan al du urtero-urtero denon artean sortu dugun akelarre txiki honek? "Ez zen inor eserita gelditu. Eta gero, eta aurrera jarraitzearen beharraz: "Zubi hori eraikitzen jarraitu behar da bai ala ez?" Orduan ere, erantzuna argia izan zen: datorren urtean XI. Errezitaldia egingo dute.

Orduan, Xumelako kideek Txanton Piperri operako kanta bat abestu zuten, eta txalapartak lagunduta, urteotako kartelen errepasoa egin zuten. Oholtza gainean, berriz, lotura, soka, zubia, irudikatzen zuen dantza egin zuten.

Hurrengo mezuak, "Motxilaren ume" batek Mari Domingi eta Olentzerori idatzitako gutuna edo preso batek senide batekin duen elkarrizketa entzun ziren, urteotan gauzak nola aldatu diren azalduta. Hegan iritsi zen, ordua, beste gutun bat. Xabi Gallaga lasarteoriatarraren amak, Toñi Ruizek idatzia. 89 urteko emakumeak semea bueltan izatea nahi du opari, eta haren "bahiketaren" gastuak batzen ditu. Idatziekin jarraituta, Itziar Morenok idatzitako ipuina irakurri zuten bi haurrek, pantailan istorioari buruzko hainbat marrazki proiektatzen ziren bitartean.

Iluntasunetik argira bezala, goibeltasunetik barrera jauzi egin zuten, orduan. Intza eta Beak bisitarako poltsa prestatu zuten eta "Hau nola sartuko diogu ba!!" artean, eskatutakoa, ingurukoek emandakoak eta eurek aukeratuak erakutsi zituzten. Aldarrikapen askotako kamisetak, banderak, liburuak edo ipar martxako makila... guztietarako topatu zuten aitzakia eta barrez bete zuten aretoa.

Azken zatian, Ibon Fernandez Iradi herritarraren hitzak heldu ziren. "Jakinik egunero pixkatxo bat aurrera goazela. Hemen naute, hemen gaituzte. Gure arteko zubi afektibo hau. Arnasa". Hitzekin egin bezala, besoekin emandako besarkada ugari izan ziren oholtza gainean, txalaparta soinuak lagun.

Amaitzeko, partaideek oholtza gainean abestu zuten eta hilaren 11n Bilbon zein Baiona egingo diren manifestazioetara joateko deia egin zuten.  

 

 

 

 

Erlazionatuak

X. Zubiak eraiki sormenari errezitaldia

Maitane Aldanondo 2020 urt 05 Gizartea

Ziegako poemak, Jalgiko oholtzan

Txintxarri Aldizkaria 2019 abe 27 Kultura