Gero eta indar gehiago du 3x3 saskibaloi txapelketak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 28a, 19:31

Zazpigarrenez, Ostadar SKTk antolatutako 3x3 txapelketa jokatu dute goiz eta arratsalde Maialen Chourraut kiroldegian.

Goizeko lehen ordutik saskibaloia izan da Maialen Chourraut kiroldegiko protagonista. 9:30ean hasita Ostadar SKTko saskibaloi sailak antolatutako 3x3 txapelketa jokatu dute. Egonkortutako jarduera da, gero eta parte hartze handiena duena. Datu gisa, benjamin, alebin, infantil eta kadete kategorietako 55 talde nor baino nor aritu dira. Harmailetan nabaritu da ere interesa, asko izan baitira harrobiko jokalarien partidak ikustera bertaratutakoak.

Bost zelaitan banatu dute pista. Neska-mutilek partida laburrak jokatu dituzte, azkarrak, saski bakarrarekin; eta zortzi minutuak agortzean puntu gehien pilatutakoak sailkatzen joan dira finaletara iritsi arte. Jokoan ari ez zirenek erdigunea baliatu dute beroketa ariketak egin edo baloiarekin jolasteko, edo jaurtiketetan aritu dira, libre zegoen zelaietako batean.

13:30ak aldera sari banaketa egin dute. Kategoria bakoitzeko txapeldunak eta txapeldunordeak domina bana eskuratu dute, garaileek gainera, bestelako sariak ere jaso dituzte. Irabazi ala ez, partaide guztiek primerako goiza pasatu dute kirola egiten eta oparitxoa izan dute.

Arratsaldean junior eta senior mailako taldeek hartu dute lekukoa. 15:30ean hasi dira jokoan eta ia hiru ordu geroago amaitu da azken finala. Ordurako harmailetan ez zen inor, baina goizeko irabazleen ilusio berarekin jaso dute kategorietako onenak izan direnek beraien saria.

 

Kategoria bakoitzeko talde irabazlea:

  • Benjamin mutilak: Los fornites.
  • Benjamin neskak: Ilargiak.
  • Alebin mutilak: Los jordan.
  • Alebin neskak: Prebeak.
  • Infantil mutilak: Alza herzegomina.
  • Infantil neskak: Borragoma.
  • Kadete mutilak: Mostos de Celtics.
  • Kadete neskak: Kadete 04.
  • Junior mutilak: Los prodigios.
  • Junior neskak: Ostegunak
  • Senior mutilak: ACDG
  • Senior neskak: Sokrates eta sofistak
Erlazionatuak

VII. 3x3 saskibaloi txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2019 abe 28 Kirola