Ziegako poemak, Jalgiko oholtzan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 27a, 20:17

Herriko zenbait rock taldek euskal presoek idatzitako sorkuntza lanak musikatu dituzte. Emaitzaren parte bat arratsaldean erakutsi dute jendez betetako kafe antzokian. 

Giltzapeko ahotsak askatzen errezitaldi musikatuak herritar ugari erakarri ditu Jalgira ostiral arratsaldean. Izenak berak adierazi moduan, kartzelan daudenek barrua askatu eta paperean idatzitakoa izan du oinarri saioak. Tartean, Ibon Fernandez Iradi herritarraren hitzak. Herriko musikariek hitzak estilo askotan abes daitekeela erakutsi dute. 

Ordua baino lehen ia beteta zegoen kafe antzokia, baina emanaldiak aurrera egin ahala, jende gehiago batzen joan da. Aulki faltan, zorua leku ona da, eta handik ikusi dute hogei bat lagunek saioa. Gainerakoek, zutik, edo ahal zuten lekuan eserita, beti ere, eszenatokiaren alboko tartea artistei utzita. Txandaka igo dira taldeak agertokira; eta aldaketa nahiz moldaketak egin artean, Musiheska diskoaren kantan jarri dituzte, Lannemezango presondegian 2018an grabatutako abestiek osatua. 

Musikarien atzeko horman proiektatu dituzte hitzak. Haien artean, salaketa, itxaropenak eta desirak nagusi dira. Adibide gisa, Harriet izenekoaren pasarte hau: "Oraina ere amesten dugulako/etorkizuna egingo dugu/borroka garesti, askatasuna ere bai?/askatasuna borroka da/borrokaturiko askatasunean.../ Errealitateari bizkarrik eman gabe aurrera egingo dugu/borrokaz erosten den desioa/askatasunez amesten dugulako"

Harresi Guztien Gainetik taldeak antolatutako emanaldia  datorren larunbat arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean egingo duten Zubiak eraiki sormenari errezitaldiaren osagarria izan da.