Ateak ireki ditu goizeko 11:00etan Michelingo frontoiko Eguberritako haur parkeak. Ordua baino lehen jada haur talde bat zain zegoen barrura sartzeko. Horretan lehenak, ordea, udal agintariak izan dira.
Adinka antolatutako parkearen edukien inguruko hainbat azalpen eman dizkie arduradun batek, frontoiko alde batetik bestera bidea egin bitartean. Puzgarriak dira nagusi, adinaren arabera bat edo beste dute aukeran, halaber, besteak beste, haurtxoteka, ohe elastikoak, ordenagailuak, pin pon mahaiak ere badira. Eskulanetarako txokoa ere bada, adinaren arabera, moldagarria da jarduera, gauza gehiago edo gutxiago egiteko aukera baitute. Parkearen gaia safaria denez, horri lotutako jarduerak egingo dituzte bertan. Gaurko helburua, kartulinazko argazki kamera bat egitea zuten. Margotu, moztu eta osatu.
Tenis pistan berriz, arratoiaren puzgarri erraldoia eta laser tag jolasean ibiltzeko aukera dute gaztetxoek. Azken honetan, hainbat oztoporen atzean ezkutatuta, laser pistolekin tiro egin behar diete jolaskideei. Armak hartzera ez, baina puzgarrietan salto egin edota futbolinean jolastera ausartu dira politikariak.
Zabaletako eta Oriarteko frontoietan era badago zer egin. Puzgarria, trebetasun jolasak, spike ball eta jolasa kooperatiboak, hain zuzen ere.
Eguberritako parkea hilaren 31 arte zabalik egongo da, goizez, 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. 24an eta 31n, berriz, goizez bakarrik.