Tradizioari ohore eginez baserritar jantzeko moduak azaldu ditu Ane Albisuk

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 13a, 19:03

Jalgi tabernak egindako saioan, euskal jantzi tradizionalaren osagaiak erabiltzeaz gain, modua egokian janzteak duen garrantzia nabarmendu du adituak.

San Tomas Eguna ate joka, haurren Eguberritako jaialdia... Baserritan jantzia armairutik ateratzeko garaia heldu da. Baina hori al da garai bateko euskaldunek erabiltzen zuten arropa? Eta nola janzten zuten? Galdera horiei erantzuteko Ane Albisu adituak hitzaldia eman du. 1985etik gaia ikertzen dabil donostiarra Ikerfolk taldean, eta prestatzen ari den doktorego tesiaren hainbat eduki partekatu ditu Jalgira bertaratutakoekin. 

"Zer bezain garrantzitsua da nola". Edo gehiago, Albisuren azalpenak entzunda. Egun seinalatu horietan kalean ikusi ohi duguna ez da aitona-amonek, birraitona-amonek (edo herenaitona-amonek, kasuaren arabera) erabiltzen zuten arropa. Baserritar janzkera tradizionala galdu egin zen eta ohikoenak festaren inguruan sortutako aldaerak dira, "XX. mendeko ohitura eta asmakizun berriak", herri eta hirietan egiten hasi ziren Euskal Jaietan sorburua dutenak. Osagaiak berak edo antzekoak badira ere, "ez da baserritarren jantzia, kaletarrena da". Nagusiki, janzteko moduan dago aldea. 

Hori ikusita, 1992an Andoaingo irakasle batekin lanean hasi zen Albisu, benetako jantzi eta moldeak berreskuratzeko. Tanto zuridun soineko beltz eta urdinetatik harago, forma eta kolore ugariak erabili zituen. Arrakasta handia izan zuen, estetika zabaldu egin zen, baina janzkeraren inguruko proposamena (antigoaleko hari lotua), ez horrenbeste. Horretan jarri du indarra aurkezpenean. 

Gizonek txaketa sorbalda gainean; emakumeek lepalde itxia, aurreko amantal luzea, azpiko gona ezkutuan... Eta zapia. Buruan zapia. Gehien "ahaztu" ohi dutena. Horrek ere baditu bere sekretuak eta haiek azaltzen ahalegindu da Albisu ibilbide historikoa amaituta, erraz jarri eta kentzeko truko eta guzti.  Zapiak laukia izan behar du 0,85 - 1 metro inguruko luzerarekin eta pauso batzuk jarraituta, aise eta azkar lor daiteke buruko egokia. Ondoren, Ttakunen joskintza ikastaroan parte hartu duten kideek, euren sorkuntzak soinean zituztela, saiakera egin dute irakaslearen begiradapean.