Jalguneko kideek dantzan uxatu dituzte aurreiritziak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 1a, 11:00

Siniskeriak eta ustezko mugak alde batera utzita, Zuekin, 'Ez dok amairu' jaialdiak musika eta umore onez bete zuen Manuel Lekuona kultur etxea larunbat arratsaldean.

Hamahiru zenbakia sorgindua omen dago, zorte txarra erakartzen du eta askok ez dute gustuko. Uste eta sineskeria guztiei aurre egin zieten atzo Jalguneko kideek. Beste behin, urteroko jaialdia egin zuten kultur etxean. Beldurrik gabe, barre eragiteko eta dantza egiteko gogoz ekin zioten ordu eta erdi luzatu zen emanaldiari.

Gortinak zabaldu eta Lehoi Erregea, Merida printzesa, kutsu andaluzeko Buzz Lightyear, edota Sebastian karramarroa ondoan zuen Ariel sirenatxoa agertu ziren globoekin apaindutako oholtza gainean. Disneyko pertsonaia horiek eta beste batzuek dantza egin zuten Up filmeko etxe hegalariaren irudi aurrean. Arratsaldeko lehen dantza besterik ez zen izan, motorrak berotzen hasteko.

Aurkezpen bideo batean, hamahiru arteko kontaketa egin zuten hainbat lasarteoriatar ezagunek, besteak beste, Iraia Iparragirre, Asier Odriozola, Ane eta Axier Arteaga pilotaria edota Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak. Ondoren, "Eta gu?" "Eta zu?" "Eta ni?" galdetu zuten beste asko ere agertu ziren pantailan. "Zuekin, 'ez dok amairu'" jaiaren lelora heldu arte. Babesa ez zieten bideoan bakarrik erakutsi, oholtza gainean herriko zenbait talde izan zituzten lagun XIII. ospakizunean: Sorgin Jaiak, Gazte Kluba, Zabaleta Auzolan auzo elkartea eta Sembante Andaluz.

Semblante Andaluzeko kideekin sevillana pare bat dantzatu zituzten, gogotsu, indarrez eta trebeziaz. Sorgin Jaiakeko kideekin, berriz, Txosneroak eta Zabaleta Auzolaneko gaztetxoekin,  beste euskal kanta batzuk. Ez ziren horrekin konformatu, ordea. Binaka eta hirunaka mikro aurrean jarri ziren hainbat kanta ezagunen doinuan dantzatzeko. Batzuk, gainera, abestera ere ausartu ziren. 

Edonola, dena ez zen dantza eta musika izan. Hausnarketa, umorea eta eskertza biltzen zituzten bideoak ere tartekatu zituzten. Batean haurtzarora begira jarri ziren, generoari lotutako rolen inguruko gogoeta proposatuta. Neska edo mutil izanagatik egotzi ohi diren ezaugarri horiek zalantzan jarrita. Beste batean, aldiz, arratsaldeko protagonistek eta hainbat udal ordezkarik gustuko dutenaren inguruko zenbait galdera erantzun zituzten. Denetarikoak ziren itaunak: polboroiak edo turroia nahiago duten, dutxako kantak, izan nahiko luketen superboterea, hitz gustukoena edo zerk ematen dien beldurra. Azkenekoan, berriz, parte hartzen duten eta egiten dituzten hamaika ekimenen irudi sorta zabala bildu zuten, Lasarte-Orian bertan aurrera eramandakoak -Santa Ana parodia, Zabaletako festak, Sorgin Jaiak edo Udako txokoak, kasu- edo hemendik kanpokoak.

Aretoa txiki gelditu zen eta batzuek alboko pasilloetako baten zoruan eserita ikusi zuten jaiaren gehiena. Erosoago ikusteko aukera izango dute asteartean kultur etxean bertan egingo den proiekziora bertaratzen direnek. TXINTXARRIk grabatu zuen emanaldia ikusteaz gain, Bea Egizabalen burutazioekin gozatzeko aukera izango dute.

 

 

Erlazionatuak

Jalguneren XIII. Jaialdia

Txintxarri Aldizkaria 2019 abe 01 Gizartea