Hari musika tresnek zerbait hipnotikoa dute. Entzuleen arreta bereganatzen dute eta ez diote ihes egiten uzten doinua eten arte. Brigitarren komentuko kapera bete dutenei horixe gertatu zaie Oiasso Kamerata boskotearen emanaldian. Pieza bat bestearen atzetik, hegan igaro da kontzertua; biolinak, biola, biolontxeloa eta kontrabaxua isiltzean txalo zaparradak bete du aldioro kapera.
Egitarau berezia izan da gaurkoa. Batetik, klasikoa, Mozart-en Pequeña serenata nocturna eta Divertimento en re mayor tartekatu dute Vivaldiren Concerto alla rustica eta Concierto para cuerdas en sol menor lanak. Bestetik, bestelako "klasikoak", egungo musikaren kanta ezagunak Coldplay-ren Viva la vida edo Queen-en Bohemian Rhapsody, tango doinuak edota Cinema Paradiso edo La vida es bella filmen soinu banda ahaztezinak.
2013an osatutako taldearena izan da Danok Kide elkarteak antolatutako XV. Musika Topaketen lehen saioa. Hurrengoa, abenduaren 11n izango da. Orduan, opera izango da protagonista.