HAUTESKUNDE OROKORRAK

PSE-EE izan da alderdi bozkatuena Lasarte-Orian; EAJ, bigarrena

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 10a, 18:17

Parte-hartzea ia zazpi puntu murriztu da apirileko hauteskundeekin alderatuta,%67,71koa izan da. PSE-EE da alderdi bozkatuena, 2.985 paperekin, eta apirilean bigarrena izan zen Elkarrekin Podemos, laugarren indarra da orain.

Normaltasunez eta gehiegi itxaron beharrik gabe bozkatu dute lasarteoriatarrak gaurko hauteskunde orokorretan. 14.282 herritar deituta zeuden boza ematera, Barne Ministerioaren datuen arabera. 9.670 lagunek egin dute hauteslekuetara bidea, hau da, %67,71k, apirilean baino ia zazpi puntu gutxiago. Orduan, %74,26k utzi zuten boza hautetsontzietan. Egia da galdeketa hartan nabarmen igo zela parte hartzea, eta errepikapenak eragindako nekeak edota haserreak eta eguraldi txarrak zeresanik izan dezakeela askok etxean gelditzea erabaki izanarekin. 

Parte hartzeaz gain, emaitzetan ere bada aldea. Ez alderdi bozkatuenean, PSE-EE izan baita beste behin boza gehien jaso dituena: 2.985. Ehunekoan gora egin du, %31,04, ez ordea, paper kopuruan. Apirilean, 3.215 lortu zituen, %30,63. Bigarren postuan etorri da aldaketa. Aurrekoan Podemos, EB eta Equo Berdeak alderdien koalizioak lortu zuen (2.048); gaur, berriz, Elkarrekin Podemos laugarren indarra izan da 1.642 paperekin. EAJk hartu du sozialisten ondorengo tokia, 1.920 botorekin (-52), eta hirugarrena, EH Bildurentzat  izan da, 1.754rekin (+57). PPk 742 jaso ditu (+88), Vox ultraeskuindarrak 244 (+31) eta Ciudadanosek 175 (-287)

Ilarak bozak hartzeko

Goizeko bederatzietan ireki dituzte hauteskunde mahaiak eta, ohi bezala, eguerdi partean bertaratu dira gehien bat zegokien mahaira. Udalbatza aretoan zeuden bi mahaietan ilarak osatu dira, nagusiki,  bozak eskuratzeko kabinen gortina atzean sartzeko. Eskailera gunean zain gelditu direnak ikusita, emakume batek galdetu die: «Zer etorri gara puntako orduan ala?», eta «Denek ideia bera izan dugu» erantzun diote, boza prest bazuen aurrera egin zezakeela azaldu aurretik. 

Mahaian izenak irakurri eta idatzi ibili direnen arabera, goiza lasai joan da,  ohiko erritmoan. %16 inguruan kokatu dute parte hartzea bertan, eta Sasoetan, %22koa zela. 14:00etan herriko parte hartzea %38,87koa zen, eta 18:00etan, %53, 8koa. Azken datuari erreparatuta, %67,71, egun osoan nahiko parekoa izan da joera, goizean gehixeago animatu badira ere hautesle lasarteoriatarrak.

 

Erlazionatuak

Azaroko hauteskunde orokorrak

Txintxarri Aldizkaria 2019 aza 10 Politika