Aristofanes komediagile greziarrak K.a. lehen mendean idatzi zuen La Paz antzezlana. Antzerki klasikotik urruti dago, ordea, hartan oinarrituta Ezezagunak Antzerki Taldeak Manuel Lekuona kultur etxeko agertokira ekarri duen La paz y otras lunas satira.
Istorioa bera antzezleen istorioarekin uztartu dute, bi mundu paralelo sortuz. Hala, Aristofanes egilea jokatu duen aktoreak antzezlanaren mamia azaldu die komediagileei prestatzen has zezaten. Haiek, ordea, ez ziruditen lanerako oso gogotsu eta beraien bidea hasi dute. Emakumeetako batzuek gerraren inguruan ere egileak idatzi zuen Lisistrata antzeztea erabaki dute hark geldiarazi dituen arte.
Ez da aktoreen burutazio barregarri bakarra izan. Aristofanes jantzi erromatarrak helenikoengatik aldatzera joan denean, argumentuaren inguruko gogoeta eta gerraren aurkako oihuak egin dituzte. Bueltatzean, hasi dira La paz antzezten. Trigeo nekazari atenastarra gerrarekin eta horrek dakarren sufrimenduarekin nekatuta dago. Olinpora bidaia luzea egingo du Bakea erreskatatzeko, Ares gerraren jainkoak bahituta baitu. Bidaia horretarako kakalardo bat haziko du, haren gainean hegan joateko. Eta, orduan, berriro, bi istorioak nahastu dira: aktoreek "sortu" duten kakalardoa gustuko ez zuen Trigeok eta komediagileek ezin zuten intsektuaren janariaren; hau da, kakaren, usaia jasan. Eta hala jarraitu dute amaiera arte Aristofanesen erabakiak zalantzan jartzen.
Ezezagunok – Los desconocidos Antzerki Taldea 2008an Irunen eratutako irabazi asmorik gabeko antzerki elkartea da. Bertan adimen urritasuna duten pertsonek parte hartzen dute eta antzerki dinamiken bidez, egunerokoan baliagarria zaizkien tresnak ikasten dituzte.