Giza harremanei buruzko gogoeta, dantzaren bidez

Dantzaz konpainiako dantzari gazteek 'Growing Young' ikuskizuna ekarri dute Lasarte-Oriara.

Dantzaz konpainiako dantzari gazteek hartu dute iluntzean kultur etxeko oholtza. Argi urdinak piztu eta kez betetzen joan da agertokia. Besaulkietan eserita zeuden ikusleen artetik dantzari batzuk altxatu eta urdintasunean murgildu dira. Bikote batek korridorean dantza egin du, bien bitartean, argazkilari papera egiten zuten bi dantzarik argazkiak egin dituzte, lehen ilaratik.

Janix Claxtonek sortutako 'Une' piezak hasi du Growing Young ikuskizuna, 75 minututan giza harremanak hainbat ikuspuntutik lantzen dituena. Dantzaren munduan murgildu ditu lehen zatiak ikusleak, une batez aktore ere bihurtuta. Koreografia Donostiako Egia auzoan murgildu eta bertan ikusitako harreman eta espazioak kontuan hartuta  eratu zuen eta hainbat duo biltzen ditu. Lehenengoan, taldean dantza egin ondoren, bikote bakarrak hartu du erdigunea, eta gainerako dantzariak inguruan begira jarri dira, maitasun istorioa zirudiena ikusteko. 

Jarraian, Daniele Ninarelloren 'Lead', non dantzariak gidari eta gidatu diren; Itzik Galilik asmatutako 'Prelude to a wasted tear'  pieza "giza familia handiaren" aniztasuna eta aldeekin gozatzeko gonbidapen bat. Wubkje Kuindersma kamerundar koreografoak ixten du egitaraua, 'You' lanarekin. Denborak aurrera egin eta gauzak aldatu arren, norberaren baitan gaztetasunaren altxorra gordeta dagoela gogora ekarri nahi izan du sortzaileak.