Ilundu arteko ekimenak, Gazte Gauan

Hirugarren Gazte Gaua egin zuten atzo. Arratsaldeko lehen ordutik 12 eta 30 urte bitartekoei bideratutako ekimenak egin zituzten Gaztelekuan eta Okendo plazan. 

Lasarte-Oriako Udalak aurten ere egin du Gazte Gaua. Aurrekoetan ez bezala, ez da izua piztu duten zonbirik ibili kaleetan barrena, baina nahi izan zuten gaztetxoek ez aspertzeko zereginak izan zituzten.

Gaztelekuan 16:00etan ekin behar zioten 12 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratutako egitasmoari, baina ordubete atzeratu zuten ping pong eta futbolin txapelketen hasiera, partaideetako asko falta baitziren. Txapelketa batean eta bestean lehiatzen ziren bitartean, hainbat tailerretan parte hartzeko aukera ere bazuten gaztetxoek. Azala mihise gisa baliatuta, besoan loreak edo bestelako irudiak nola margotu ikasi zuten body paintinga probatu nahi izan zutenek, beste batzuek nahiako izan zuten marrazten badakien norbaiten eskuetan uztea apainketa eta hennarekin apaindu zieten eskua. Zunba eta parkurra ere egiteko aukera izan zuten, baina ez zen inor parte hartzera animatu. Txapelketetako irabazleak erabakita, saria jaso zuten: seina sarrera herriko ihesgelarako. 

Ondoren, denak beheko solairuko areto gelan elkartu ziren, Bocabeats taldearen emanaldia ikusteko. Ahoarekin soinu eta erritmoak egiten dituen bikoteari kosta egin zitzaion saioa hastea, gazteek hitz egiteko gogo gehiegi baitzuten. Pazientzia eta umorez hartu zuten eta ahalegina egina, lortu zuten ikuskizuna bideratzen. 

Gaztelekukoak amaituta, jaiak Okendon jarraitu zuen. Musika izan zen nagusi: Irunetik etorritako Kulto Kultibok reggae, rap eta hip hop doinuz bete zuen plaza, DJ Markelinen txanda heldu arte. 

Erlazionatuak

Gazteei bideratutako gau luzea

Lasarte-Oria