Tipi-tapa eskualdea ezagutuz

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 13a, 16:33

Hamabigarrenez, Buruntzaldeako landa-ingurunea ezagutzeko Ibilbideen Eguna egin dute. Hainbat lagunek parte hartu du Ostadar SKTko mendi sailak eta ipar martxa taldeak proposatutako txangoetan. 

Ibiltzeko goiz aproposa izan da gaurkoa, eguraldi atsegina eta Buruntzaldeko XII. ibilbideen eguna batu baitira. 08:00etatik 14:00etara artean Lasarte-Oria zeharkatzen duten hiru ibilbideetako bat egin dutenak, beste urteetan baino gehiago izan dira. 

Ostadar SKT mendi sekzioak eta ipar martxa taldeak proposamen bana egin zieten lasarteoriatarrei. Lehenak, herria eta Andoain arteko ia zortzi kilometroak osatzea izan da, Buruntza igota. Bigarrenak, berriz, Mapil-Aginagara joatea. Elkargune bera jarri zuten: Elizatze plaza, 09:00etan. Ingurua gozatzera eta ezagutzera animatu direnek kontrol postuan izen-abizenak eman, eta, nahi izanez gero, ura, platanoa eta zerealekin egindako barratxo bat hartu dute.

Ordu horretan, San Pedro eliza ondotik irten direnak 87 lagun izan dira. Batzuek gorako bidea hartu dute, besteak Okendo ingurura irten dira. Ordurako, beste hiru partaide herriko postutik igaroak ziren. Proposatutako horiez gain, hirugarren aukera bat ere bazuten partaideek: Lasarte-Oriatik Urnietara joatea.