Andaluzia Okendo plazara ekarri du Semblantek

Maitane Aldanondo 2019ko urr. 13a, 20:30

Andaluzia Lasarte-Oriara ekarri du hamazazpigarrenez Semblante Andaluz elkarteak. Antolatutako Aste Kulturalak erkidego horretako ikur diren osagaiekin bete du Okendo plazan jarritako karpa: flamekoa, sevillanak, abesbatza rociozalea, rebujitoa. Eta gehiago.

"Olé"-ak, txaloak, zapateatuak edota flamenko doinua barra-barra entzun da asteburuan Okendo plaza inguruan. Semblante Andaluz elkarteak bere Aste Kulturala aurrera eramateko jarritako karpatik horiek eta askoz gehiago irten ziren ostiral arratsaldetik igande iluntzera bitartean. Hegoaldeko "artez" bete, eta zer ikusi, dantzatu zein dastatu ugari izan zen bertan. Rocioko Amabirjina tarteko-edo, firin-faran ibili zen hego-haizeak erkidego hartakoagoa zirudien giro ezin hobea ekarri zuen, festara batzea erraztuz.
Ohitura denez, udal agintariei luntx bat eskainita eta elkarrekin topa eginda ekin zioten jarduera sortari. Patata tortila, urdaiazpikoa, rebujitoa... politikariak eta elkarteko kideak hizketaldi lasaian aritu ziren mokadu artean. Ondoren, Gitanillas del Alba eta Duende dantza taldeen erakustaldia izan zen. Oholtza aurrean eserita zeuden haurren arreta eskuratu zuten, baita estaldurara sartzen joan zirenena ere. Talde bakoitza bakarrik aritu zen lehenik, eta jarraian, elkarrekin dantzatu zuten pare bat pieza. Biharamunean berriro aritzekoak ziren Gitanillas del Albakoak, baina bertan behera utzi zuten ikuskizuna; ez, ordea, igandekoa. Agertokia hustu zenean, pintxo-potean indarrak hartu zituzten eguna itxi zuen dantzaldirako.  


Dantza eta dantza 
Jaia izanagatik edo, atzokoa egun lasaia izan zen herrian. Salbuespenetako bat Okendo plaza izan zen. Goizean, aurpegia margotu eta jolasean aritu ziren haurrak; helduek, berriz, tiro al bote lehiaketan parte hartu zuten. Bitartean, herri bazkarirako paella goxoa prestatzen aritu ziren Semblanteko kideak. 
Gosea berdindu eta tarte batez atseden hartu  ondoren, musikaren garaia heldu zen. FARAEk antolatuta, La Calle del Remolinok kontzertua eman zuen. Abeslariaren esanetan,"17:30 flamenkoan" hasi zuten kantaldia, hau da, zehaztutako ordua baino 20 minutu geroago. Probaketa nahi baino gehiago luzatu zitzaien, soinu arazoak ezin konponduta. Lortu zutenean, oholtzatik jaitsi eta behar bezala aurkeztu zuten Bizkaia aldetik etorritako hirukotea. Zorionez, entseguan abestutakoak lasarteoriatarrak erakarri zituen eta emanaldiak aurrera egin ahala, karpa jendez betetzen joan zen. Txalo, kantu eta dantza artean pasatu zuten ordu eta erdiko saioa. Batzuk, altxa, eta sevillanak dantzatzera ere animatu ziren. Beste batzuek,  arratsaldeko beroa freskatzeko barrara joatea nahiago izan zuten.
Berandu hasi eta berandu bukatu. Semblante Andaluzeko Zambra taldeko laukoteak zain egon behar izan zuen bere emanaldia egin ahal izateko. Ez zuten gogo izpirik galdu itxaronaldian: Ikusleen miresmena piztu zuten. Begira zituzten haurretako batzuk pausoak errepikatzen ahalegindu ziren, eta zenbait helduk ezin izan zuen dantzaldi herrikoia arte geldi egon.  
Igandeak osagaiak errepikatu ditu, berezitasun bakarrarekin: Semblante Rocierok girotu du arratsaldea. Gainerakoan, nekatu arte oinak eragiteko aukera zabala izan da.

Erlazionatuak

"Duendez" beteriko asteburua

Maitane Aldanondo 2019 urr 13 Gizartea