Ernai Lasarte-Oriako kideek aurkezpen irekia egin dute gaur arratsaldean Mirentxun. Hainbat gazte, EH Bilduko udal ordezkari, eta bestelako herritar bertaratu dira saio irekira.
Biribila osatuz eseri dira, eta kideek hartu dute lehenik hitza. Osatu den taldearen sorburuaren berri eman dute. Ikasle mugimenduak beraien ikastetxean zuen presentzia eskasari erantzuteko, eskualdeko Ernaiko kideekin jarri ziren harremanetan eta lanketa bat egin zuten Batxilergoko ikasleen artean. Besteak beste, erraustegiaren kontrako manifestazioa egin zuten iazko ikasturtean, arrakastatsua izan zena. Hura izan zen lehen urratsa, gero herrira bideratzea erabaki zuten. Hainbat bilera egin dituzte herriko gazte mugimendua aztertzeko eta aurtengo ikasturterako urratsak zehaztu zituzten.
Aurkezpenaren ondoren, bertaratutakoak bosteko taldeetan jarri dituzte elkarrekin hausnartzeko hiru galderen inguruan. Nola ikusten duzu gazte mugimendua gaur egun? Zer hutsune indentifikatzen dituzu? eta Nola irudikatzen duzu etorkizuna? 15-20 minutu izan dituzte talde eztabaidarako, eta ondoren, komunean jarri dituzte bildutako iritziak.
Saioa amaituta, iluntzeko 20:30ean, udaletxe zaharraren aurrean elkarretaratzea egin dute gazteek.