Sasoetako Jaiak

Haurrak, jai amaierako errege-erreginak

Maitane Aldanondo 2019ko urr. 6a, 13:51

Euriarekin hasi eta bukatu dira Sasoetako jaiak, baina azken unera arte eutsi dio eguraldiak. Haurrak izan dira igande goizeko protagonistak.

Ikasteko gogoz jaiki dira familiak Sasoetan. Gaztelekuan haur eta heldu buruarinak egiteko tailerrean buru belarri aritu dira. Goraizeak eskuan, begiak, sudurra, belarriak, ahoa... buruarinaren atal guztiak mozten joan dira, azala den xafla gainean itsasteko. Bost irudi zituzten aukeran, eta irakasle lanak egin dituzten Ipuitantaiko bi lagunen jarraibideekin antzekoa egin dute. 

Gaztelekuaren kanpo aldean ere eskulanak egiteko aukera izan dute haurrek. Jaizkibel plazan jarritako mahaietan, eskumuturrekoak, arropa zabaltzeko pintzekin egindako tximeletak edo margotzen aritu dira zenbait. 

Bien bitartean, patata tortilla lehiaketan parte hartu nahi zutenek beraiena eraman dute plazako oholtza gainera. Parte hartu diten 19en artean onena  Mario Quirogak egindakoa izan da, bigarren eta hirugarren, berriz, Patricia Gómez eta Roberto Ortega, hurrenez hurren. Lehiatua izan da hauen artekoa  epaileen esanetan. 

Jaiak ixteko haur danborrada egin dute. Tamalez, euriak ezin izan du gehiago eutsi, eta nahi baino  martxa gutxiago jo dituzte haurrek. Parte hartzeagatik eman dizkieten goxokiak kontsolamendu nahikoa izan dira.