Kirola jaien parte da Sasoetan

Maitane Aldanondo 2019ko urr. 5a, 13:00

Futbolean, saskibaloian, golfean nahiz lokotxa bilketan duten abilezia frogatu eta erakusteko aukera izan dute gaztetxoek.

Lainotutako goiza izan bada ere, Los chavales de Martijak antolatutako kirol jarduerak aurrera eramateko aukera izan dute Sasoetan. 11:00etan izena eman dute futbolean, saskibaloian, golfean edo lokotxa bilketan aritu nahi zuten haurrek. Adinaren arabera hiru kategoriatan sailkatu dituzte eta hasi dira jolasean. Neskaren bat animatu da, baina ia denak mutilak izan dira, 2006-2010 urteen artean jaiotakoak.

Nahi bestetan saiatu dira kirol bakoitzean. Batzuek denak egin dituzte, beste batzuk erosoen aritu diren horretara mugatu dira. Erdiko zelaia futbol eta saskibaloi jaurtiketetarako gunea izan da.  Arrakasta gehien izan duena saskiratzeena izan da, gaztetxoen soinean futbol kamisetak nagusi baziren ere. Puntuak biltzeko balio zuen sarearen kontra baloiari ostikoka ere gogotsu saiatu dira. Pare batek abilezia baino indar gehiago jarri du ahaleginean, baloiren bat plazatik kanpo botata. Begira zeudenetako batek baino gehiagok ere gertu ikusi du kantxako alde batetik edo bestetik iritsitako baloia. 

Bestelako trebezia eskatzen du minigolfak. Puntu gutxien lortzea zen helburua eta Adrian izeneko mutiko batek lortu du. Lau puntu egin ditu guztira,  4 lortu egin zitekeen marka onena, tirada bakoitzean puntu bat baitzen gutxienekoa. Hala jakinarazi die speakerrak Uzturre plazan bildu diren guztiei. Mikrofonotik behin eta berriro animatu ditu gaztetxoak lokotxetara, baina ez du arrakasta gehiegi izan.

Ekimenak iraun artean, indarberritzeko Cecilia fruta dendak emandako platanoak eta laranjak eta ura izan dituzte eskura. Amaieran sari banaketa egin dute. Jaso edo ez, goiza modu atsegin eta osasungarrian pasatu dute.