Juncal Aguirrek jaso du Guztion Lasarte-Oria mural lehiaketako lehen saria

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 17a, 15:46

Uztaileko lehen asteburuan egin dituzte muralak hiru finalistek. Epaimahaikideek lanen maila altua nabarmendu dute. 

Guztion Lasarte-Oria 2019 programako sariak banatu ditu udalak eguerdian. Juncal Aguirre donostiarrak jaso du lehen saria udal euskaltegian egindako Hizkuntza lanagatik. Gauzatutako irudien maila nabarmendu du Jesus Zaballos alkateak, “denak kalitate handikoak dira, oso eskertuta eta pozik gaude”. Azaldu duenez, aurtengo erabakia  "lehiatua eta zailenetakoa izan da”, izan ere, lehenengo bien artean puntu bakarreko aldea baitago eta hirugarrenak baino hiru puntu gehiago besterik ez ditu irabazleak. 

Biak ala biak, Julian Toquero lasarteoriatarrak jaso ditu, bata, Blas de Lezo 6 kaleko lokalean egin duen Sorgin jaia muralagatik, eta bigarrena, Zumaburu eskolako jolastokian egin duen Koloretako ametsa irudiagatik. Laugarren saria Aguirrek eskuratu du, oraingoan, Iñigo de Loiola 5 kaleko lokalaren kanpoaldea apaindu duen Frame lanagatik. Azken saria, berriz, Pablo Astrain getxoztarrak lortu du, Michelingo zelaian egindako Jolastu muralarengatik. Bosgarren izan bada ere, badu zer ospatu, udalak eskatu baitio aurrez Kale Nagusian egina zuen marrazkia zabaltzeko

Sarien banaketa erabaki duen epaimahaiko kide izan da Julia Otxoa idazlea. Berak proposamenen “originaltasuna, kalitate estetiko eta teknikoa, kolorea eta kontzeptua” azpimarratu ditu. Gune batzuk beste batzuk baino “zailagoak” zirela aitortu du, denek nolabaiteko erronkei aurre egin behar izan dietela. Esaterako, Blas de Lezo kaleko lokalaren iskina edo Michelingoa. Astrainen irudia “asko gustatu zitzaigun, baina tokia fisikoki oso zaila zen, zuhaitz bat dago, argiztapen gutxi…" Halaber, udala zoriondu du Otxoak proiektuagatik eta egiten duen pedagogiagatik, “paradoxoki, errespetatu egiten dira, inork ez die tatxadurarik edo grafitirik egiten, oilo ipurdia jartzen dizu, ez da artelan askorekin gertatzen”. Erabakia hartzeko ardura izan dute, halaber, programaren kudeatzaile Nagor Goñik, Aterpeako Jenni Garciak, Ricardo Ugarte eskultoreak eta Fernando Golvano irakasle nahiz arte kritikariak.

Herriko zenbait txokotan sakabanatutako horma irudiek "atari zabaleko museo bat" osatzen dute . Haiek ikusteko ibilbideez gain, gida batean jasotzen ditu udalak, baita herritarrei banatzen dien egutegia egiteko erabili ere. Alkatearen esanetan, “zaindu eta duen garrantzia eman nahi diegu. Kulturak herritar guztien eskura egon behar du, horregatik, muralak gure herriaren kuturaren parte dira”. Jada, datorren urtean zein hormatan esku hartu pentsatzen ari dira udal arduradunak eta parte hartzera gonbidatu ditu hiru saridunak  Zaballosek.

 SARIAK:

  • 1. saria: 90 puntu. Juncal Aguirre. Hizkuntza. 1.500 euro.
  • 2. saria: 89 puntu. Julian Toquero. Sorgin jaia. 1.250 euro.
  • 3. saria: 87 puntu. Julian Toquero. Koloretako ametsa. 1.000 euro.
  • 4. saria: 72 puntu. Juncal Aguirre. Frame. 500 euro.
  • 5. saria: 62 puntu. Pablo Astrain. Jolastu. 500 euro.