Alboka eta Erketz ikasturteari agur esateko prest

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 21a, 13:48

Sanpredroetarako motorrak pizten hasteko, abesbatzak kontzertua emango du gaur Ama Brigitarren komentuan, eta Erketz dantza taldeak, bihar, Okendon

Ikasturtea amaitu eta San Pedro Jaietarako prestatzen hasteko, Alboka abesbatzak emanaldia egingo gaur, ostirala, Ama Brigitarren komentuan, 20:00etan. Montse Latorrek zuzendutako ahots taldeak uztaila-abuztuan Italian emango dituen kontzertuen oinarria izango da gaurko programa. Piezak honakoak dira: Signore delle cime, Requiem, Kyrie, Cantique de Jean Racine, Maiteak galdegin zautan, Itsasoa laino dago eta Jaialdia euskal kantak, That lonesome road, Ja na erdhi viti, Wangol eta Imbakwa. Abeslariek Amaia Dorronsoro eta Javier Gonzalez Sarmiento pianisten eta Carolina Muñoz perkusio joleen doinuak lagun izango dituzte.
Dantzak nahiago dituztenek, berriz, bihar, larunbata, 19:00etan dute hitzordua. Oraingoa, Okendo plazan. Larrain dantza, ezpata dantza, igitai, Axuri Beltza eta beste hainbat eskainiko dituzte Erketz, Erketzeko Lagunak eta Erketz txiki taldeetako kideek. Eguraldi txarra bada, Loidibarren frontoian egingo dute emanaldia.