Bide berriak elkarrekin urratzeko proposamena

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 10a, 15:21

Bestelako kontsumo eredu eta sistema baten alde egiten duten jarduerak sustatu eta ezagutzera emateko xedez, IrtenBidetik AlternatiBATU mugimendua sortu dute zenbait lasarteoriatarrek. Halaber, jarduera sorta prestatu dute hilaren 22rako.

Hainbat sektoretako herritarrak elkartu dira IrtenBidetik AlternatiBATU mugimendua osatzeko. Helburu dute sistema kapitalista indibidualistaren eta egungo kontsumo ereduaren aurrean beste bide batzuk badirela erakustea. Hau da, bestelako joerak martxan jarri nahi dituzte, jada abian diren alternatibak ezagutaraztearekin batera.

Lasarte-Oriako beharrak "modu kritiko batean" atzemateko eta "herri hobe bat izateko" zein alternatiba beharko liratekeen ezagutzeko, IrtenBidetik AlternatiBatu Eguna aurrera eramango dute hilaren 22an, larunbata. "Kolorez betetako mundu berriak arnastuko" dituzte, "elkarrekin hausnartu, kospiratu eta ekin". Hala dio egunaren izaera azaltzen duen manifestuak.

Eta ideia bera irudikatzen dute Txakur Gorria kolektiboak sortutako kartelak eta leloak: IrtenBidetik. Esanahi bikoitza duela azaldu zuen Ane Labakak aurkezpenean: "Batetik, gizarteak hain zehatz markatzen digun bide horretatik ateratzea delako alternatibak bilatzea; eta bestalde, irtenbidea gaur egun hori izan daitekeela iruditzen zitzaigulako". Kartelak pertsona bat irudikatzen du begi bat bidetik kanpo duena, eta bestea, marra batzuek zeharkatuta, "zirrikituak bilatzea" iradokitzen duten arrakalak.

Hausnarketa partekatua 

Bidetik irtetera gonbidapen hori, paradoxikoki, ibilbide batekin hasiko dute. Bost geldialdi egingo dituzte hainbat gai lantzeko: Elikadura burujabetza, Irlako baratzetan; Decosocial eta etxebizitza kooperatiboak, pabilioietan; periferia-zentroa, Basaundin; eta hirigintza, erdigunean. Ondoren, hiru ekonomia sozialean diharduten hiru proiektu ezagutzeko parada izango da: Goiener energia berriztagarriak, Izarkom komunikazioa kooperatiba, eta Koop57 finantza etiko eta solidarioa. Era berean, goiz osoan zehar Oriarte institutuaren ondoko plazan gertuko azoka izango da: nekazariak, artisauak, sortzaileak, bitxigileak...

Bukatzean, instutuko jolastokian herri bazkaria egingo dute. Horretarako txartelak Trumoi eta Ilargi tabernetan salgai daude. 15 euroko salneurria dute, langabeek, ordea, merkeago eskura ditzakete, 10 eurotan.

Indarberrituta ekingo diote arratsaldeari. Gimnasioan, zenbait kultur espazioren arteko mahaingurua egingo dute. Bertan parte hartuko dute Iruñeako Katakrak liburudenda eta eztabaidaguneak, Azpeitiako Kultur Mahaiak Astra Gernikako kulturarako fabrika sozialak, Eltzea gizarte eta kultur arloko elkarteen arteko proiektu kolektiboak eta Aiaraldeko Ekintzen faktoriak. Euren esperientziaren berri eman eta elkarrekin gogoeta egiteko espazio bat sortuko dute.

Eguna amaitzeko kalean bertan kontzertu "xumea" emango du Duo du portu taldeak.