Antzerkiz eta dantzaz betetako bi aste prestatu ditu Kukukak

Maitane Aldanondo 2019ko mai. 28a, 11:49

Astelehenean ekingo diote emanaldi sortari, hamazazpigarren urtea da aurtengoa. Haur, gazte eta helduek ikasturtean ikasitakoa erakutsiko dute Manuel Lekuona kultur etxeko oholtza gainean. 

 

Ikasturtea amaitzear da, eta jada ohitura den moduan, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak emanaldiz betetako hamabostaldia atondu du.  Hamazazpigarrenez, hilabeteotan landutakoa erakusteko aukera izango dute Lasarte-Oriako haur, gazte nahiz helduek. Hala, Manuel Lekuona kultur etxeko oholtza bere egingo dute datorren astelehenetik, ekainak 3tik, hilaren 16ra arte. Saioen eta xehetasunen berri eman zuten atzo Miren Zalduak, Maider Oiartzabalek eta Erik Arzallusek.

Nahiz eta ohiko egitura mantendu, berritasunak ere badakartza aurtengo jaialdiak. Lehena, hasieran. Orain arte, Zabaletatik behera Okendoraino egin izan dute desfile erraldoia. Aurten, berriz, Okendotik irten eta kultur etxeraino joango dira Oaintxe-in Deu txarangak lagunduta. Taldeko dantza koordinatzaile Oiartzabalek "guraso, begirale, ikasle eta herriko edonor" gonbidatu zuen, "koloretsu jantzita eta festan" elkarrekin kultur etxera bidea osatzera.

Plazatik 18:15ean abiatuko dira Kale Nagusira,handik Euskotreneko biribilguneraino joan, eta Pablo Mutiozabal kaletik barrena iritsiko dira kultur etxera. Beste nobedadeaa, aldiz, azken egunean. Euskal dantza-sorkuntzako talde guztiak elkarrekin ariko dira, baina arratsaldeko ordutegia utziko dute, eguerdiko hamabietara pasatuta.

Ikasleak protagonista

Jaialdian 40 dantza eta antzerki taldek parte hartuko dute, 5 urtetik hasi eta helduetaraino. Goizetan Sasoeta, Landaberri eta Zubietako ikasleak izango dira protagonistak. Nahiz eta Arzallusek zehaztu zuenez, kanpokoak ere badiren, Usurbil, Urnieta edo Donostiakoak, kasu. Ikastetxeetako haurrei bideratutako saioak 9:45ean edo 10:00etan egingo dituzte. Arratsaldetan, berriz, publikoari zabalik, 19:00etan. Asteguneko arratsaldeko saioetarako sarrerek euro bateko kostua dute; asteburuetakoek, berriz, hiru euro.

Helduek ere badute euren tartea egitarauan. Larunbatean, ekainak 8, dantza garaikideen eta Fermin antzezlanaren emanaldia egingo dute, 22:00etan hasita.Parte hartzera deitu zituen Oiartzabalek lasarteoriatarrak: "Animatu hamabostaldira antzerkiaz eta dantzaz gozatzera, oso ondo pasatuko duzue".

EGITARAUA

Ekaina 3

  • 18:15. Txaranga festa. Okendotik kultur etxeraino.
  • 19:00Superheroi eroak!  Non dago Simba? eta Zirkus Marabillus Bol. 2, Sasoeta LH 2-3 eta LH3.

Ekainak 4

  • 19:00. Euskal Herriko Ninjak Xomorrolandia, eta Denboraren makina, Zubieta HH5-LH6

Ekainak 5

  • 19:00. Euskal dantza. HH5-LH3.

Ekaina 6

  • 19:00. Gora edo behera, Sasoeta, LH 4-LH6.

Ekainak 8

  • 22:00. Dantza garaikidea.  Fermin antzezlana, helduak.

Ekainak 10

  • 19:00. Hakuna Matata, Unilandia eta Landa-Txou, Landaberri LH 3-4

Ekainak 11

  • 19:00. Errekaloreak, eta Sorgiñak baserrian eta musikariak. Landaberri;LH 1-2.

Ekaina 13

  • 19:00. Euskal Talent, Grease, eta Porrusaldy, Landaberri LH 5-6.

Ekainak 15

  • 20:00. Zoroenea eta TB Parodiya. Oriarte DBH 1-2.

Ekainak 16

  • 12:00. Euskal dantza sorkuntza LH4-6, DBH 1-4, gazteak eta helduak.
  • 20:00. Gu bai leloak. Oriarte DBH 3.