Urtero bezala, hemen da Udaberriko saio berezia. Irudimenak hainbat kultur adierazpenetan hazitako lore sorta, hainbat artistek Manuel Lekuona kultur etxea kolorez betetzeko sortu dutena. Eskaintza larunbatean 22:30ean egingo dute.
Bizitasuna saioaren ardatz diren Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariek dakarte. Maddi Labakak jarritako gaiei erantzungo diote, uneko uzta bertaratuei eskainiz. Ohi bezala, tartekatzen joango dira, gainerako protagonistei oholtza utzita.
Idoia Garzes idazleak Xabier Lizardi saria irabazi duen kontakizunaren zati bat irakurriko du Bixente Beltran musikariak lagunduta. Doinu alaiak ekarriko ditu Semblante Andaluzek fandango bizkorrekin eta aldarrikapena Aitor Atxegak, Luis Eduardo Aute kantautorearen "Al alba" kantaren euskarazko bertsioa "Egunsentian" abestuko du.
Antzerkiak ere bere tartea izango du Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideen, nahiz Ione Zabala, Bea Egizabal eta Intza Alkainen eskutik. Barrea eta gogoeta piztuko dituzte esketxek.
Horrez gain, horma irudia margotuko dute txalapartak lagunduta eta saioari amaiera emateko Nikola Iraolak biolina joko du.
Sarrera, 5,50 euro. 10 sarrerako bonoa, 45 euro.
Erosi sarrerak hemen.