Zerbitzu sozialei buruzko gida osatu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko api. 30a, 15:20

Mirentxuko oinarrizko zerbitzu sozialetan kudeatutako laguntza eta prestazioen berri ematen du liburuxkak. Gaika antolatuta, bakoitzaren onuradun izateko bete beharreko baldintzak azaltzen ditu. Herriko etxe guztietara banatuko dute argitalpena

Lasarte-Oriako Zerbitzu Sozialen Gida osatu du udalak herritarrei modu erraz zein argian ezagutarazteko zein laguntza eta prestazio jasotzeko eskubidea duten. Halaber, zerbitzu sozialen inguruko uste okerrak aldatzeko bidea ere izan dadila espero dute udal ordezkariek.

Izan ere, alkatearen esanetan, Mirentxu "estigmatizatuta" dago, gizarte bazterkeria egoeran dauden edo arazo larrika dituzten pertsonentzako zerbitzu gisa; baina hori "errealitatetik oso urrun dago", oinarrizko zerbitzu sozialak era guztietako pertsonei eta familiei zuzendutako prestazio eta laguntza askotarako sarbidea baitira. Hala adierazi zuen Jesus Zaballosek, departamenduko teknikariek eta Lourdes Acevedo arloko zinegotziak lagunduta egin zuen argitalpenaren aurkezpenean.

Zerbitzu sozialen "leihatila bakarra" da gida. Prestazioaren eskumena udalarena, diputazioaren edo Eusko Jaurlaritzarena izan, Mirentxutik kudea daitezkeen laguntza guztiak leku bakarrean batzen ditu. Balia dezakeen talde edo pertsona aintzat hartuta, hainbat ataletan banatu dute liburuxka: adinekoak, desgaitasuna, emakumeak, haurrak, gizartetik baztertuak, prestazio ekonomikoak eta bestelakoak. Pieza bakoitzak laguntzaren xedearen berri ematen du, eskatzeko bete beharreko baldintzak zehaztuta. Modu errazean azaltzeaz gain, gida denbora luzez erabilgarria izan dadin, informazio ahalik eta iraunkorrena jaso dute.

9.500 ale argitaratu dituzte, 8.268 euroko kostuarekin, eta Lasarte-Oriako etxeetan ale bana jasoko dute lasarteoriatarrek. Ondorioz, oinarrizko zerbitzu sozialetara bertaratzen direnen kopurua handituko dela aurreikusten dute arduradunek. Horregatik, eurek kudeatzen ez dituzten bestelako laguntzen inguruko informazioa ere ematen dutela gogorarazi zuen Gemma Ferrer teknikariak aurkezpenean. Hala nola, bonu sozial energetikoa, doako urgazpen juridikoa, etxebizitzetarako laguntzak...