Hauteskunde orokorrak 2019: PSE-EE izan da alderdi bozkatuena; parte-hartzea, ia %75

Txintxarri 2019ko api. 28a, 22:35

Normaltasun osoz bozkatu dute lasarteoriatarrek gaur. Goizeko bederatzietan ireki dituzte hauteskunde mahaiak, eta eguerdi partean egon da mugimendu gehien; barrutiren batean dezenteko ilarak sortu dira. Parte-hartzea sei puntu igo da, 2016ko hauteskundeekin alderatuta: %74,17koa izan da aurten. PSE-EE izan da alderdi bozkatuena, 3.215 paperekin

Gaurko hauteskunde orokorren dinamika jarraitu du Lasarte-Oriak ere: duela hiru urteko bozekin alderatuta, nabarmen igo dira parte-hartze kopuruak. Gure herrikoa, ia zazpi puntu. Barne Ministerioak emandako datuen arabera, bozetan parte hartzera deituta zeuden 14.429 pertsonen hiru laurden joan dira zegozkien barrutietara; zehatzago esanda, %74,17. 2016an, %68,27. Normaltasun osoz sartu dituzte eskutitzak hautetsontzietan. PSE-EE izan da alderdi bozkatuena, 3.215 paperekin. Podemos, IU eta Equo Berdeak alderdien koalizioa izan da bigarren indarra. 2.048 bozka jaso ditu. Bi alderdi horiek izan ziren aurrenekoak duela hiru urte ere, baina beste orden batekin. Elkarrekin Podemosek 2.822 bozka jaso zituen, eta 2.493 sozialistek. EAJ 2.000tik oso gertu geratu da (1.971); EH Bilduk 1.697 paper jaso ditu; PPk, 654; Ciudadanosek, 462; eta VOX ultraeskuindarrak, 213.

Gipuzkoan ikaragarri igo da parte-hartzea: hamar puntu baino zertxobait gehiago. Herritarren %73,85 joan dira hautetsontzietara ─2016an %63,28koa izan zen kopurua─. 

2016an, Elkarrekin Podemos

Duela hiru urteko hauteskunde orokorretan Elkarrekin Podemos izan zen zerrenda bozkatuena Lasarte-Orian. 2.822 boto jaso zituen. Oso gertu geratu zen PSE-EE: 2.493 paperekin bigarren alderdi bozkatuena izan zen. EH Bildu izan zen hirugarren indarra, 1.378 bozkarekin. EAJk 1.233 jaso zituen, 1.065 PPk eta 407 Ciudadanosek.