Kiroldegi berrirako hamabi proposamen aurkeztu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2019ko api. 17a, 13:46

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak jarritako errekurtsoa ezetsi du Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio-Organoak. Beraz, lehiaketak aurrera darrai. 

 Michelingo kirolguneko atletismo pisten tokian kirol ekipamendu berria egiteko prozesua martxan da berriro. Izan ere, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak errekurritu egin zuen otsailean Lasarte-Oriako Udalak abiarazitako lehiaketa; baina Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio-Organoak osorik ezetsi du. 

338.416 eurotan baloratutako lehiaketaren hurrengo urratsa epaimahaia eratzea izango da. Alkateak, hiru arkitektok (udaleko arkitektoa, bulego teknikokoa eta beste bat, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak proposatuta), eta Hirigintzako buruak osatuko dute, nahiz eta azkenak ez duen boto eskubiderik.

Epaileek bost proposamen aukeratuko dituzte eta 35 eguneko epea emango diete beren ideiak sakontzeko. Aldi berean, prozesu parte hartzaile bat abiaraziko dute, herritarrek proiektuak azter eta balora ditzaten. Galdeketa horren emaitza ez da loteslea izango, proiektuaren konplexutasun teknikoa dela eta, baina epaileek kontutan izango dute 

Proiektu irabazlearen arduradunek lau hilabeteko epea izango dute oinarrizko proiektua egiteko. Honek 125.972 euroko kostua du. Prozesu honek guztiak 2019ko abenduan amaitu behar du. Irabazle ez diren lau proposamenek, aldiz, 3.630 euro jasoko dituzte. Behin oinarrizko proiektua entregatzean, udalak aukera du enpresa berari adjudikatzeko gauzatzeko proiektuaren idazketa edo beste lizitazio bat egitekoa. Gauzatzeko proiektuaren kostua 197.925 eurokoa da.