Zakurrak nor baino nor aritu dira asteburuan

Xuhakan Txakur Elkarteak antolatuta, zakurren kirol obedientzia eta sozializazioa epaitu dituzte bi txapelketatan. 

Hogei bat zakur eta bere jabeek parte hartu dute asteburuan Bugati erretegiaren ondoko azpiegituran egindako zakur lehiaketetan. Larunbatean, Gipuzkoako I Kirol Obedientzia Txapelketa egin zuten. Honen helburua, zakurren jabeak nahiz zaleak animaliak heztera animatzea da; izan ere, kirol obedientzia zakurrak "ulertu eta haiekin hobe komunikatzeko" bidea baita antolatzaileen esanetan . Programan edozein arrazatako zakurrek parte hartu ahal izan zuten, pedigridunak, gabeak, nahiz mestizoak; zailtasunaren araberako bost kategoriatan. 

Igandean, aldiz, animalia horien sozializazioari erreparatu zioten Gipuzkoako Txakur Elkartearekin batera egindako I. Sozializazio Proban. Honek xede du, zakurren jarrera soziala aztertzea, jabeak eta berak lortutako oinarrizko hezkuntza mailaren arabera. Programak hiru proba izan zituen: teorikoa, azpiegituran egindako landakoa, eta kalean egindakoa.