"Sustraiak eta hegoak" urtekariaren zenbaki berria aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2019ko api. 9a, 09:56

Hirugarren urtez jarraian, Lasarte-Oriako askotariko elkarteen izaera eta jarduera laburbiltzen ditu argitalpenak. Ketxus Marcosek eta Jesus Mari Egizabalek koordinatu dute lana. 

Lasarte-Oriako askotariko 38 elkarteren lekukotza jaso dute "Sustraiak eta hegoak" urtekarian. 2018 urtean antolatu dituzten askotariko jarduera, proiektu eta ekitaldien argibide ematen du ale berri honek. Astelehen arratsaldean aurkeztu zuten Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. Lagun ugari bertaratu ziren bere egileen hitzetan "gure herriko historiaren lekuko" izan nahi duen liburuxkaren berri izatera. 

Herrian 2018an egindako ekimenen "argazki ona" da Ketxus Marcosen ustez, herrian aktibo dauden elkarteen %70k parte hartu baitu. Izan ere, 150 bat katalogatuta badaude ere, 50 bat besterik ez dira jardunean dihardutenak. Eragileak ezaugarrien arabera antolatu dituzte oraingoan, "homogeneotasun handiagoa" emateko. Izaera, helburua eta jarduerak azaltzeko partaide bakoitzak bidalitako testua eta argazki ugari bildu dituzte, haiek egindako hizkuntza hautua errespetatuta.

Urtekariaren arduradunek eskerrak eman zizkieten ekarpena egin duten elkarteei "argitalpena posible egiteagatik". Hala ere, Marcosen hitzetan, udalak egindako enkargua Egizabalen eta Bizkerreko Begoña Lumbreras "burugogorkeriagatik" gauzatu da, "egunero elkarte eta sozietateak segika aritu direlako". Horri lotuta, gizarte, kultura, gastronomia eta kirol elkarteen bilakaeraren inguruko kezka ere adierazi zuen, jarduera era espazio publikoan egiten duten esku hartzea gutxitzen ari dela nabaritu baitu.