Jon Presa bigarren izan da Azkoitia-Azpeitian

Txintxarri Aldizkaria 2019ko api. 4a, 18:13

Proba luze nahiz laburrean parte hartu dute hainbat lasarteoriatarrek. 8,06 kilometrokoan Kamel Ziani irabazleak bakarrik aurre hartu dio Presari. Igandean, berriz, Gorka Gil eta Raul Margallo seigarren izan dira Irungo Milia Solidarioan

Inguruan ospea duen Azkoitia-Azpeitia lasterketa jokatu zuten pasa den larunbatean. Sute baten ondorioz, irteera ordua atzeratu egin zen, baina egun beroa izanik, ezbeharrak korrikalarien alde egin zuen. Hainbat herritarrek parte hartu zuten bi probetan, 8,06 kilometrokoan nahiz maratoi erdian.

Guztietan emaitza onena Jon Presak lortu zuen VII. Azkoitia-Azpeitia lasterketa motzean. Hain zuzen ere, Trinko Triatloi taldeko kidea txapeldunordea izan zen, 26:06ko denboran osatuta ibilbidea. 40 minututik behera gelditu ziren, Julen Goenaga eta Mikel Olaiz; Naroa Salsamendi eta Irati Iribar, aldiz, 47 minuturen bueltan bukatu zuten.

Maratoi Erdian, berriz, hamar herritarrek parte hartu zuten. Imanol Arteagak ordu erditik behera osatu zuen proba, Asier Gorostegi gertu egon zen. Handik gora, Eduardo Rivas, Leonardo Juarez, Tomax Arruti, Peio Fadrique, Mikel Ormazabal eta Josean Hernandez heldu ziren. Emakumezkoei dagokienean, Mari Carmen Olasok 1:37:02ko denbora egin zuen eta Arantxa Zapatak, 2:08:53.

Igandean, Gorka Gilek eta Raul Margallok Bidasoaldeko Minbiziaren Aurkako Elkartearen aldeko Milia solidarioan bikote gisa parte hartu zuten eta seigarren amaitu.