Krono igoera izango du BTT Lasarte-Oria probak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko api. 2a, 18:09

Hilaren 28an jokatuko dute probak 500 txirrindularien langa gainditzea espero dute antolatzaileek. Zailtasunaren arabera mailakatuko hiru ibilbide prestatu dituzte parte hartze zabala izateko, eta berritasun gisa, 4 kilometroko krono igoera egingo dute Andatzan.

Herriko BTT zale guztiek hitzordu berezia dute hilabeteko azken igandean, apirilak 28. Izan ere, egun horretan jokatuko baitute BMW Lurauto BTT Lasarte-Oria proba. Data mantentzea erabaki dute antolatzaileek, Saiatuz elkartea eta Fly Group; nahiz eta Espainiako hauteskundeekin bat egin. Proba jendetsua espero dute. Jada 415 partaide dituzte eta 500 baino gehiago izatea espero dute arduradunek. Datu gisa, iaz garai honetan izena emandakoen kopuruarekin alderatuta, % 50 hazi da. Beraz, bozak eta txirrindulariak izango dira egun horretan herriko protagonistak.

Asteartean aurkeztu zuten lasterketa, irteera eta helmuga izango dituen tokian bertan: Okendo plazan. Aurtengo berritasun nagusia 4 kilometroko krono igoera da. Andatzako igoeran egingo dute, 12 eta 16 kilometroen artean, 384 metroko maldan. Sailkapena egingo dute, baina berezia izango da. Adinaren arabera osatu beharrean, norberaren familia mota irizpide hartuta egingo baitute. "Bizikletan gabiltzanok beti esaten dugu familia kargek euren pisua dutela, eta horregatik, ezkongabe, banandu, dibortziatu, seme-alaba bakarrekoak, bikoak, hirukoak... banatuko ditugu gizonezkoak eta emakumezkoak", argitu zuen Patxi Larrea Fly Groupeko kirol zuzendariak.


Hiru ibilbide, hiru maila
Bizikletan ibiltzen den edonori eman nahi diote parte hartzeko aukera. Horregatik, hiru ibilbide atondu dituzte, norberak bere gaitasunaren arabera aukera dezan. Amateurrak, 29 kilometro eta 1.080 metroko malda izango ditu; Altuak, 38 kilometro eta 1.400 metroko desnibela; eta Pro-ak, 48 kilomentro eta 1.780 metroko aldapa. Ibilbideak ez dituzte ezagutarazi, baina 21. kilometroan jarriko duten lehen anoa-postua arte, txirrindulari guztiek ibilbide bera egingo dute. Handik aurrera, "10 kilometro gehigarriko bukle bat egingo dute maila altukoek; eta azkenik, Buruntza aldera joango dira asko ibiltzen direnak, indartsuak", argitu zuen Patxi Larrea Fly Groupeko kirol zuzendariak.

Zirkuitua egunean bertan aukeratuko dute, beti ere denbora mugak errespetatuta. "Muga dago bukleetara sartzeko Zaletuenak, amateurrak, aldapak izango ditu, baina egingarria da ibiltzeko ohitura dutenentzat". Irteera 9:30ean izango da eta 3-5 orduko iraupena aurreikusi dute, proba motaren arabera.

Izen ematea www.bttlasarteoria.com webgunearen bidez egin behar da. Lehen 500 partaideek Spiuk markako bizkar zorro bat jasoko dute opari, "gutxi gora-behera izen emateak adina balio du". Federatutako txirrindulariek 20,5 euro ordaindu beharko dute; gainerakoek, aldiz, 23,5 euro. Taldeka egiteko aukera dago, baita bizikleta elektrikoarekin lehiatzekoa ere. Sari erakargarriak banatuko dituzte, eta ohi bezala, Patxi Larrañagaren txistorrada eta garagardoa dastatzeko aukera izango dute partaideek helmugan.