Euskara ikasteko bekak martxan jarri ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mar. 22a, 09:23

67.000 euroko poltsa du Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak diru laguntzak emateko. Zati handiena, 60.000 euro, euskara ikasteko beketara bideratuko dute. Ikasturte honetan aritu diren herritarrek matrikularen %85 arte jaso dezakete. 

Lasarte-Oriako Euskara-Zerbitzuak diru laguntzen deialdia aurkeztu du. Jon Antxordoki Euskara Batzordeko buruak eman du aurtengo diru laguntzen kopurua: 67.260 euro. Gehiena euskara ikasteko laguntzetara bideratuko dute. Iaz aurkeztutako diru laguntza lerro berberak ditu euskara sailak. Aldatzen dena kopurua da. Iazkoarekin alderatuta, diru poltsa handiagoa du eskura udalak.

Euskara ikasteko bekek hartuko dute zatirik handiena. Guztira, 60.000 euro. 2018-2019 ikasturtean euskara ikasten aritu diren herritarrek matrikula prezioaren %85 arteko beka jaso dezakete. Ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera.
Halere, euskara ikasleek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Hasteko, Lasarte-Orian erroldatuta egon beharko dute, eta ikastaroan gutxienez %85eko asistentzia bete. Diruz lagundutako ikastaroak hauek dira: euskaltegiko ikasturtean zeharreko ikastaroa, gutxienez 80 ordukoa; gutxienez hilabeteko barnetegia; eta udako ikastaroak.

Bestalde, unibertsitateetako udako ikastaroak euskaraz eginez gero, matrikularen %50 arteko diru laguntza jaso ahalko da. Unibertsitateko ikasleek, langabetuek eta erretiratuek jaso dezakete beka hori. Beranduenez urriaren 31rako egin behar da eskaera.

Aisiako begirale eta zuzendari titulua ateratzen dutenek ere eska dezakete diru laguntza. Iazko irailaren 1aren eta aurtengo abuztuaren 31 bitartean begirale edo zuzendari ikastaroa ateratzen dutenei emango zaie. Matrikularen %50 artekoa izango da kopurua, gehienez ere 250 euro begiraleentzako, eta 150 zuzendarientzako.


Enpresak euskalduntzeko

Gidabaimena euskaraz ateratzea bultzatzeko ere laguntzak bideratzen ditu Euskara Zerbitzuak. Buruntzaldean zozketatzen diren hamar sarietatik bat jartzen du udalak. Teorikoaren balioa ordaintzen dio sarituari, gehienez ere 400 euro.

Enpresetako eta elkarteetako jarduera puntualak euskalduntzeko laguntza lerroa ere izango da aurten. Besteak beste, errotuloak, irudia, eta web orria euskalduntzeko laguntzak dira.

Azkenik, Baietz Gurean programa finantzatzeko 2.100 euro jarri ditu udalak, hamar langile baino gehiagoko enpresetan jarduerak euskalduntzeko.