Gatazkak bertatik bertara ezagutzeko maratoiak

Adrian Garcia 2019ko mar. 22a, 10:00

Tomax Arruti - Korrikalaria
Harremanak egiteko modu bat da kirola. Bartzelonako maratoia bigarrenez osatu du Arrutik, 11 urteren ondoren. Giroa zeharo aldatu da hirian: "Aldarrikapena handia da"

Maratoiko horma deitu ohi zaio 30. kilometrotik aurrera korrikalariak sufritzen duen oinazeari. Tomax Arrutik (Lasarte-Oria, 1970) ongi prestatzen ditu 42 kilometroko lasterketak; baten batzuk eginak ditu dagoeneko, eta ez du azken zatiko sufrikario hori ezagutu. "Mina buruan dago, ongi kontzientziatuta joaten naiz". Haatik, beste mota batzuetakoak dira ikusten dituen hormak. Izan ere, gatazka politikoetan nahastu diren herrialdeak bisitatzeko eta ezagutzeko baliatzen ditu lasterketak. Bartzelonan egin zuen lehena, 2008an. Sahara, Belfast eta Euskal Herrikoak egin ditu ondoren, eta orain zirkulua itxi du: Kataluniako hiriburuko maratoia osatu zuen joan den astean.

Orain 11 urte egin zuen maratoi berbera, eta nahiz eta ibilbidea zertxobait aldatu, denbora oso antzekoa egin du: 3:30 ordu. "Hiriari itzuli bat egiten dio, gune esanguratsu guztietatik pasatzen da. Nou Camp, Familia Santua, Ciutadella... Festa handia da, 17.000 korrikalari baino gehiago geunden. Animazio handia dago; musika taldeak edonon jotzen...".

Hiru hilabete eta erdi
Baina ibilbidea baino zerbait gehiago aldatu da Bartzelonan urte horietan guztietan. Izan ere, aurtengo giroak ez du zerikusirik lehen maratoia egin zuenekoarekin. "Apustu bat egin dute, eta zigorra jasaten ari dira. Buruzagi politikoak epaitzen ari dira, eta kalean aldarrikapena handia da".
Entrenamenduen planteamenduarekin asmatu du; orain 11 urte erabilitako prestakuntza fisiko berbera egin du. "Borja Apeztegia laguna dut, eta hark prestatu zizkidan entrenamenduak".

Urte osoan korri egiten du Arrutik, baina helburu finkorik gabe. Maratoia prestatzeko hiru hilabete eta erdi lehenago hasten da. Denbora horretan astean bostetan entrenatzen du, kilometroak batzen joateko. "Gogorra da, zure buruari asko eskatu behar diozu".
Irizpide horiek jarraituta egin ditu maratoi guztiak. 2008ko Bartzelonako haren ondoren Saharakoa egin zuen, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan, Aljerian. "Ez da korri egitea bakarrik. Aste bat igarotzen duzu haiekin bizitzen. Orduan ikusten duzu zein den kanpalekuetako errealitate gordina". Bidaia haietatik sortu zuen Arrutik, beste batzuekin batera, Euskal Herriko Lagunak Mendebaldeko Saharakoekin Bat elkartea.
Kirolaz gozatzeko modu berezia du lasarteoriatarrak; turismoa egin bakarrik ez, gatazka politikoak ezagutzeko eta harremanak egiteko baliatzen ditu maratoiak. "Pat Rice [Sinn Feineko kidea] ezagutu nuen Belfasten, eta haren etxean egon ginen. Lizartzan du etxea, eta hona etorriko dira abuztuan".

Katalunia, Sahara eta Ipar Irlandan korri egin ostean, Euskal Herrian ere osatu ditu maratoiak; 2014an Bilboko gauekoa, eta urtebete geroago Donostiakoa. Hurrengoa egitera nora jo oraindik ez du argi, baina baditu aukerak. "Zoritxarrez, gatazka asko daude munduan. Sahararren lurraldean gustatuko litzaidake egitea maratoi bat, Mendebaldeko Saharan. Baina ez dirudi posible izango denik".